Bi taberna itxi dituzte, langile banak positibo eman ostean

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 17a, 13:37

Udalak antolatutako udaleku irekietako bi begiralek eta haur batek ere positibo eman dute. Horiek itxialdia egiten ari dira, eta gainontzeko begirale eta arduradun guztiei egin dizkiete probak.

Aurreko astean, bereziki asteazken eta larunbat gauetan, jende pilaketak sortu ziren hainbat tabernatan gauez, eta positibo eman dute han egondako bezeroren batek eta bi tabernatako langile banak. Hori horrela, osasun agintaritzak agindu du bi taberna horiek ixteko. Desinfektatu bitartean eta bertako langile guztiek PCR testak egin eta negatibo eman artean ezingo dute zabaldu.

Udalak antolatutako udaleku irekietan ere positibo eman dute bi begiralek eta haur batek. Horiek itxialdia egiten ari dira, eta gainontzeko begirale guztiei egin dizkiete probak. Oraindik ez dituzte guztien emaitzak jaso, baina, aipatutako bi positiboak kenduta, negatibo eman dute guztiek momentuz.

Aurreko egunetan egindako deialdiari erantzunez, hainbat herritar ari da anbulatoriora joaten PCR probak egitera. Txurrukak azaldu du galbahea egitea erabaki duela Osakidetzak, jakiteko zein den Zarautzen egoera epidemiologikoa. Osasun Sailak kezka agertu du, hainbat kasu positibok beren artean amankomunean izan dezaketelako Zarautzen egon izana.

Alkateak nabarmendu du "kezka" dela nagusi herrian ere. "Denok gaude emaitzen zain. Gaurko probenak bihar izango ditugu, baina bihar eta etzi ere egingo dituztenez, uste dugu astelehenerako egoeraren argazki osoago bat izango dugula", azaldu du.