Eskerrak eman nahi dizkie udalak Zurekin elkarteari eta Gurutze Gorriari, osasun krisian emandako laguntzagatik

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 18a, 12:30

Asteazken eta ostegunean Talai Mendi kanpinean jazotakoa kudeatzen lagundu zutenak txalotu ditu udalak.

Iragan ostegunean Talai Mendi kanpinean egondako bi bezero ohik koronabirusaren proban positibo eman zuten. Osasun Saileko langileak PCR probak egitera joan ziren kanpinera, eta Zarauzko Udalak eta Gizarte Zerbitzuetako langileek dispositibo bat prestatu zuten, "kanpineko bezeroen oinarrizko beharrak" asetzeko.

"Azkar" jardun zen udala Xabier Txurruka alkatearen arabera, eta eskerrak eman nahi dizkiote Gurutze Gorriari, "dispositiboaren logistika guztiarekin laguntzeagatik". Horrez gain, aditzera eman dute Zurekin elkarteko ostalariek prestatutako 450 janari errazio banatu zituztela kanpinean. "Argiñano, Euskalduna, Itxaslur, Iruña, Santa Barbara, Kirkilla, Itxaski taberna, Salegi eta J. Argiñanoren okindegia ostalaritza establezimenduak berehala agertu ziren prest, berria zabaldu bezain laster, eta afaria eta bazkaria prestatu zizkieten kanpinean zeuden pertsonei", azaldu du udalak ohar bidez.

Alkateak gaineratu duenez, Osakidetzaren, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren laguntza ere "funtsezkoa" izan zen asteazken eta ostegunean Talai Mendiko PCR probak egin ahal izateko. Kanpineko langile eta kanpinlari guztiak ere zoriondu nahi izan dituzte, "hainbeste estreseko uneetan euren lasaitasuna, pazientzia eta lankidetza erakusteagatik".