700 PCR proba gehiago egiten ari dira gaur

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 18a, 14:00

Hainbat herritan egiten ari diren proba masiboetan, denera, hamahiru positibo agertu dira azken orduetan; baina Osasun Sailak ez du zehaztu horietako zenbat detektatu dituzten Zarautzen.

Gaur bigarren egunez ari dira test masiboak egiten anbulatorioan. Atzo 1.000 proba egin zituzten, eta gaur 700 egitea aurreikusten dute. "Gutxinaka gutxinaka argazkia ikusten ari gara", adierazi dio Xabier Txurruka alkateak prentsari. Astelehenean datu erreal guztiak izango dituzte, eta orduan emango dute Zarauzko egoeraren berri, bien bitartean, Osasun Sailak ez du herriz herriko positiboen zifrarik emango.

Guztira 63 koronabirus kasu atzeman dituzte azken orduetan Gipuzkoan, eta Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, horietako hamahiru dira hainbat herritan egiten ari diren proba masiboetan detektatutakoak. Ez du zehaztu, ordea, hamahiru horietatik zenbat eman diren Zarautzen; argitu duen bakarra da beste herrietakoa baino "portzentaia handiagoa" dela Zarauzkoa. Bihar 14:00ak arte probak egiten jarraituko dute. Hori horrela, alkateak aurreikusten du astelehen arratsaldean datu guztiak izango dituztela.

Neurriekiko kontzientzia

"Jendea askoz arduratsuago dabil herrian", jakitera eman du Txurrukak. Herritar guztiek maskara soinean daramatela azaldu du, eta atzo iluntzean zorrotz bete zituztela ostalaritza establezimendu guztiek ezarritako arau berriak. Izan ere, maskara jantzita eraman behar da baita hondartzan urertzean paseatzeko ere, eta hori ere zaintzen dabil egunotan Udaltzaingoa. "Badirudi oraingoan denek hartu dutela arauak betetzearen kontzientzia, gertatu dena oso larria izan zitekeelako".