93 kutsatu berri atzeman dituzte Gipuzkoan

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 19a, 15:23

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 197 kasu positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, eta 93 dira Gipuzkoan zenbatutakoak. Beste 150 PCR test egin dituzte gaur Zarautzen.

Nekane Murga Osasun sailburuak emandako datuen arabera, azken orduetan 197 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte –10 Araban, 92 Bizkaian, 93 Gipuzkoan eta bi hiru lurraldeetatik kanpo–, baina gaur ere ez dute herriz herriko daturik zehaztu Osakidetzak argitaratutako txostenean. Atzo, guztira, 5.747 PCR proba egin zituzten hiru lurraldetan. Zarautzen, esaterako, atzo 700 PCR proba egin zituzten, eta gaur, igandea, beste 150 egin dituzte.

Atzoko positibo kasuen %43a, 10 eta 19 urte bitarteko pertsonen artean atzeman dituztela azaldu du Jaurlaritzak. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute isolamendu-neurriak “behar bezala bete” behar direla, eta kutsatuta egonez gero edo kontaktu estua izanez gero, arriskuko pertsonekin kontaktuan egotea “saihestu” behar dela. Gainera, nabarmendu du maskara eramatea derrigorrezkoa dela, eta behar bezala jarrita egon behar duela.