Felix Zubia: «Gertatutakoa ahazteko gogoa genuen, eta gehiegi lasaitu gara»

Mireia Galarza 2020ko uzt. 30a, 09:25

Gorantz doaz koronabirus kasuak, eta, horren aurrean, kezkatuta agertu da Zubia. Hori dela eta, birusa kontrolatzea gizarte osoaren ardura dela dio mediku zarauztarrak.

Herritar eta mediku bezala, nola eragin dizu koronabirusak alderdi pertsonalean eta profesionalean?
Bata besteari lotuta daude, baina desberdin bizi izan ditut. 2020. urtean ezagutu dugu koronabirusa, eta horri aurre egiteko Donostia Ospitalean sortu zen batzordean egotea tokatu zitzaidan, eta bertan landu genituen protokoloak. Gasteizko lankideek-eta kontatzen ziguten, baina birusa Donostiara iritsitakoan jabetu ginen egoeraren larritasunaz. Beste leku batzuetan egoera askoz ere okerragoa izan bada ere, oso gogorra egin zitzaigun guri ere, oro har, 60 paziente artatu behar izan genituelako Zainketa Intentsiboetako Unitatean. Gaixotasuna sakon ezagutzen duen aditurik ez dago momentuz, eta kontuz ibili behar da dena jakingo balute bezala hitz egiten dutenekin. Guri astean sei egunez lan egitea tokatu zitzaigun. Ordu asko pasa genituen lehen lerroan, gaixotasunarekin zuzeneko kontaktua izaten, isolatuta zeuden pazienteekin lan egin dugulako. Horregatik, etengabe berritzen ibili behar izan dugu, tratamenduak eta protokoloak aldatzen. Gaur egun, kezka dezente dugu ikusten dugulako gaitza ez dela desagertu eta kutsatu kopurua gorantz doala.

Eman al diogu benetan duen garrantzia pandemiari?
Denok geneukan gogoa gertatutakoa ahazteko, eta gehiegi lasaitu gara. Uda iritsi da, baita eguraldi ona ere. Kutsatu kopuru tasa oso baxua zen arren, zenbait kasutan jokabideak ez dira egokiak izan. Osasun langileon ardura agian bazen esatea uda ez zela lasaiagoa izango, uztaila ez zela hobea izango eta beroak ez duela birusa gelditzen. Agintarien aldetik neurriak arintzeko nahia ere sumatu da, epeak ez errespetatzeko, edo behintzat, ezohiko egoera ahalik eta azkarren gainditu eta ‘normaltasun berriaren’ kontzeptua sortzeko, normaltasunetik ezer ez duenean. Herritar guztiena ere bada ardura, eta garrantzitsuena, gainera. Orain, badirudi alarma piztu dela. Festak bertan behera utzi dituzte herri askotan, maskararen erabilerak gora egin du eta dendetan ere distantzia mantentzen da. Hala ere, badaude kontrolatu gabe jarraitzen duten aisialdiko jarduerak, eta horien kontrola lortu behar dugu. 

Eider Uzkudun Zarauzko anbulatorioko buruak esan du saturazio momentuak eduki dituztela osasun zentroan. Udazkenean gripe garaia dela kontuan hartuta, uste duzu gure osasun sistema prest egongo dela erronkari aurre egiteko?
Hala sinestu nahi izan badugu ere, ezin dugu esan beroarekin kutsatuek behera egiten dutenik. Brasilen tenperatura altuak dituzte, eta azken asteotan hemen ere hala ari gara izaten, baina kutsatu kopurua goraka doa. Martxoko agerralditik ikusi dugu gaitza nolakoa den; plangintzak eginda daude eta materiala ere badago, baina muga batzuekin. Kotxean goazenean guztia airbagaren esku uztea bezala da, ezinezkoa da kolpearen zain egotea, eta gero airbagak saltatuko duela esatea. Berdina gertatzen da osasun sistemarekin. Izebergaren modukoa da koronabirusa. Punta ikusten dugu, alegia, sintomak dituzten pertsonak, baina ezin dugu ahaztu ikusten ez den zatia handiagoa dela, zehazki, sintomarik gabe gaixotasuna pasatzen duten herritarrak. Zenbat eta handiagoa izan ikusten ez den zatia, edo beste modu batera esanda, zenbat eta gehiago izan kutsatu kopurua, geroz eta gehiago dira sintomak dituzten herritarrak. 

Maskararen eraginkortasuna zalantzan jartzen duenik ere bada. 
Maskarak lortzen duena da guk besteei birusa ez kutsatzea. Beraz, birusa dugula ez badakigu ere, maskararekin besteei ez zabaltzea lortuko dugu. Ezin dugu ahaztu ez dela adinekoen gaitza bakarrik, nik neuk berrogei urte azpiko pertsonak intubatu baititut. Talde moduan pentsatu behar dugu, gizarte moduan, berriro errepikatu ez dadin. 

Agintariek askotan azpimarratu dute politika gardenak egiten dituztela, baina koronabirusari dagokionez, esaterako, positiboen eta fokuen inguruan gardentasun horrek zer hobetua baduela dirudi, kanpotik begiratuta. Zuk, barrutik, nola ikusten duzu?
Ez nuke esango gardentasun falta izan denik, gehiegizko informazioa baizik. Etengabe eman dizkigute zenbakiak, zarata asko jaso du gizarteak, eta, agian, ideia eta informazio garbi gutxi. Gutxi dakigu gaixotasunari buruz, eta ezagutu ahala hartzen dituzte erabakiak. Maskararekin gertatu da hori. Hasieran ez zen garbi ikusten maskararen eraginkortasuna, baina ikerketak zabaltzen joan diren neurrian eta maskara kopurua ere handitu den momentutik, ikusi dugu musukoa erabilgarria dela gaitza zabaltzea ekiditeko.

Zein ondorio aterako zenuke pandemiaren inguruan?
Otsailean pentsatzen genuen gaitza kontrolpean edukiko genuela sintomak zituzten kutsatuei eta euren familiei bakarrik erreparatuta. Bitarte horretan asintomatiko pila ari zen birusa zabaltzen. Hori, osasun arlotik, estrategia okerra izan zen. Herritar bakoitzak bi pertsona kutsatzeko aukera zuela pentsatzen genuen hasieran, benetako zifra sei zen bitartean. Gaitza uste baino kutsakorragoa da.