Iritzia: 'Begiradak'

Nerea Loiolaren iritzia, Urola Kostako HITZAko aste honetako 'Puntuka' atalean.

Kirol oinetakoak lotu eta tentuz itxi dut etxe sarrerako atea. Goizeko zazpiak pasa dira eta ez da inor kalean, auto batzuk hara-hona. Maskara jarri dut hala ere. Ikasi dut pandemiak ez dituela lagun logika eta malgutasuna eta ez dudanez arazorik nahi, men egingo diet zentzugabekeriei, duintasunaren ziztadei entzungor.

Santa Barbara aldera hartu dut bidea, mendira. Hala egiten dut hauteskundeen ondotik, kausalitatez, egoerak okerrera egin eta neurriak zorroztu zituztenetik. Berez, maiteagoa dut itsas ondoko paseoa, egunsentia olatuen burrunba goxoan murgiltzen. Baina, urduritu egiten naiz malekoi inguruan orain, ez baitakit neurtzen nire hanken erritmoa nahikoa azkarra den eta, beraz, kirola egiten ari naizen edo oinez nabilen. Eta ez dut erabakia oinezko epaile baten edo, are okerrago, udaltzain ahalguztidun baten esku utzi nahi. Arnasa lasai hartu beharra dudalako ateratzen naiz goizero, txikiak esnatu aurretik.

Leku bakartietan ibiltzeko beldurrari aurre egiteko balio izan dit behintzat honek guztiak. Beldurra ez da desagertu,
ordea. Atzetik nabaritu ditudan pausoek arnasa estutu didate. Gizonezko bat da. Ez dit ezer egingo. Pausoa azkartu edo moteldu? “Egun on”. Pasatu da.

Etxera bidean lankide batekin egin dut topo. Maskara jantzia duela ikustean, jarri egin dut neuk ere, arnasa estu eta distantzia zabala izan arren. Begi berdeak ditu lankideak. Orain deskubritu dizkiot, eta galdetu diot neure buruari ea nora begira egon ote naizen begietara begiratu izan diodanetan.

Begirada konplizea eskaini dit kide begi berdeak begi bistan dagoenaz mintzatu garenean. Arnasa sakon hartu
ezinik ibiltzeak begi gorriak baititu guretzat.

Ez omen dugu begirunerik izan, eta begira gero!

Gazteengan jarri dugu begirada eta begi betean ikusi hauen erruduntasuna. Hain dituzte begiak iheslariak, hegalariak, asegaitzak. Trebeak gara albokoaren begian lastoa ikusten. Ahaztu egin zaigu haien adinean ahotik eta begietatik ematen geniola festa eta parranda geure buruari, begiek txir-txir egiten zigutela San-edozein festa hurbiltzen ikustean. Beste alde batera begiratu omen zuen Zarauzko Udalak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio azterketen amaiera ospakizunetan. Ez dakit hala den eta ez dut hortik jarraituko, udala begi gaiztoz ikusten
dudanik inork pentsatu ez dezan. Uler dezagun, turisten arnasari begira bagabiltza ukiezinak izango dira esparru batzuk.

Mendillorriko gazteei eginiko PCR proben %1,2k eman dute positibo. Baina berdin dio, begi gaiztoz begiratu genien. Gazte hauek kriminalizatzen ibili ziren hedabideek ez dute barkamenik eskatuko, itsu dabiltza eta ez dituzte egindako akatsak onartuko. Ai, gazteak! Hain dituzte begirada grinatsu, mugikor, sorginduak!

A ze hizkuntza begiradena. Ikaragarria da nola deskribatzeko gai ez naizen ñabardura edo begi keinu txikiek hainbeste esan dezaketen. Sinestezina, nola pasa naizen hiru edo lau begirada mota desberdintzetik abiadura bizkorrean luzatzen ari den begirada zerrenda batera. Adibidez, leiho polizia lanak egiten ibili den pareko etxeko hirugarren solairuko bizilagunaren begirada mesfidatia, haurrekin kalera ateratzen ikusten nauen bakoitzean. Edo, leihotik begira ari den amonaren begirada argia kalean korrika egiten ari diren haurrei begiratzean. Hasi naiz desberdintzen begirada maltzur, eszeptiko eta ustelak; erakargarriak, suspertuak eta erneak.

Zenbat hitz begi kolpe bakarrean. Eta zenbat isiltasun.

Isildu egingo naiz ni ere zutabe honetan. Sorkuntza proiektu batean begi bietaraino nabil sartuta eta begirada bertan finkatzea erabaki baitut. Gustu handiz konpartitu dut bizitzarekiko begirada. Asko ikasi dut egindako bide eder honetan. Ikusi arte!