Manex Otaegi, Gorka Zubeldia eta Joanes Elizondo - ZAEko arraunlariak

Ilusioz beteriko gazteak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 30a, 09:45
Ezkerretik eskuinera, Manex Otaegi, Gorka Zubeldia eta Joanes Elizondo. (Gorka Peñagarikano Goikoetxea)

Zarautz Babyautok herriko gazteekin osatu du taldea, eta, emaitzez haratago, elkartea lan «ederra» egiten ari dela diote Otaegi, Zubeldia eta Elizondo arraunlariek. 

Hamar edo hamaika urte izango zituzten Zarauzko Enbata azkenekoz lehen mailan aritu zenean. Oroitzapen txikiren bat edo beste izango dute gorderik: 2006 eta 2007ko Kontxako Banderako laugarren postuak eta horien ospakizunak, agian. Oso gazteak ziren orduan. Ziur, garai hartaz gehiago jakin dutela orain, taldera batu zaizkien orduko hiru arraunlarien ahotik entzunda. 

2012 eta 2013 urteen artean, arraunean hasteko hautua egin zuten hiru elkarrizketatuek; orduko hartan, KAE1 Ligan zegoen Zarautz. Urterik okerrena 2013a bera izan zen, KAE2ra jaitsi zenean. Zazpi urte pasatu dira orduz geroztik, eta gauzak asko aldatu dira. Orain, Manex Otaegi (Zarautz, 2000), Gorka Zubeldia (Zarautz, 2000) eta Joanes Elizondo (Zarautz, 1999), behetik gorako bidea eginda eta harrobiko maila guztiak igarota, Zarautz Babyautorekin Eusko Label Ligan lehiatzen ari dira. Hamar urteren ondoren, herriko eta harrobiko gazteekin, mailarik gorenera heltzea lortu du Zarautz Arraun Elkarteak.

Mailaz igo berritan, salbazioa eskuratzea litzateke jomugan jartzeko helbururik zentzuzkoena. Erakutsi dute bidean direla: igandean laugarren eginda, lau puntura besterik ez dituzte Ares eta Ondarroa, 9. eta 10. sailkatuak. Atzetik, Sestaoko Kaiku zazpira daukate. Denboraldi erdia jokatuta, «sentsazio onak» dituzte, baina zentzuz, «lanean jarraitu behar» dela diote. 

Coruñan jokatu zituzten estreinako bi estropadak, eta bietan hamaikagarren postuan geratu arren, «aurrekoak gertu» ikusi zituztela adierazi du Elizondok. Denboraldiak norabide bera hartu du. «Denetariko estropadak jokatu ditugu: zazpigarren amaitu dugu bi aldiz eta laugarren aurreko igandean, baina baita hamabigarren zenbait aldiz ere. Erregulartasuna behar dugu, eta gogo handiz eta ilusioz gaude lanerako».


Harrobitik tiraka

Sekulakoa egin zuten iaz Gari Urangaren mutilek KAE1 mailan. Hondarribian arraunlari gisa urte batzuk eman ondoren, herrira itzuli zen 2018an, prestatzaile lanetan hasteko. Hartu zuen talde gaztea hazten joatea espero zuen, eta hala erakutsi du denborak: bi urteren buruan, Eusko Label Ligara itzuli da Enbata. Prestatzaile hasi zeneko taldeak, urte batzuk gazteagoa, baina egungoaren antzerako blokea zuen, ildo berekoa behintzat: harrobiko gaztez osatua.

«Ederra» eta «garrantzitsua» hitzak baliatu dituzte elkarrizketatuek elkartearen lana deskribatzeko. «Azken bi urteotako traineru ia osoa harrobiko gazteekin osatzeak poza ematen du», adierazi du Otaegik. Horrek, elkarteari zein taldeari «lasaitasuna eta segurtasuna» ematen diola gehitu du, eta «polita» dela herriko «jende ezagunarekin eta konfiantzazkoarekin» partekatzea trainerua.

Izan ere, begi-bistakoa da herriko gazteen presentzia. Zarauztarrak dira 20 arraunlarietatik 15, eta adinari erreparatuta, zeresana ematen du bataz bestekoak: lau beteranoen adinak kenduta, gainontzeko 16 arraunlarien bataz bestekoa ez da 24ra iristen. Taldekide izateaz harago, badute presentzia ontzian: Otaegik orain arteko estropada guztiak jokatu ditu; Coruñako lehena izan ezik, gainontzeko zazpiak Zubeldiak; eta Elizondo, berriz, bost saiotan aritu da. 


Urduritasun konfinatuak

Eusko Label Ligan jokatzearen ilusio eta urduritasun horiei zer gehitu behar eta, koronabirusa. Hilabeteak «luze» joan zaizkiela aitortu du Zubeldiak: «Gogorra egin zaigu konfinamendua, fisikoki zein psikologikoki». Dena den, «ilusioa» ez zaiela falta izan gaineratu du, aurtengo denboraldian iazkoari «jarraipena eman» nahi diotelako. 

Elkarte guztiek bezala, aurre denboraldia egoerara egokitu behar izan du ZAEk. Klubeko eta udal kiroldegiko ergometroak eta pisuak etxera eraman, eta horien bitartez jarraitu ahal izan dute lanean. «Ahal zen bezala»: bakoitzak bere etxean, garajean edota balkoian tokitxo bat topatu, eta astean sei aldiz, lau hormen artean entrenatzen aritu dira. «Aurrera atera dugu, eta esango nuke lan bikaina eginda, gainera».

Ziurgabetasun handia zegoen lehiaketei zegokienean, ez baitzen erabaki ofizialik hartu maiatzaren amaierara arte. Zehazki, maiatzaren 30eko batzarraren ondoren jakinarazi zen liga jokatuko zela, eta uztailaren 4an izango zela lehen estropada, Galizian. Ekainaren erdialdera eman zen baimena taldean entrenatzen hasteko, eta bi asteko tartea soilik izan zuten «berriz trainerura ohitzeko». 

Traineruarekin izan zuten hartu eman berri hori «zalantza handikoa» izan zela oroitzen du Otaegik: «Etxean entrenatzean fisikoa asko lantzen da, baina arraunean garrantzitsuena arraunketa izaten da, norberaren eta taldearen teknika, eta bi aste horiek bakarrik izanda kezka handia geneukan, ea asmatuko ote genuen denboraldiari begira. Segurtasun faltarekin bezala geunden». Hala eta guztiz ere, «nahiko ondo eta azkar» egokitu zirela uste du: «Estropadetan ikusten ari gara baietz». 


Burua hotz, bihotza bero

Denboraldi honen berezitasunik nabarmenena aurre denboraldi eza da. Edo ezberdina izan dela. Arrauna ere erabat baldintzatu du konfinamenduak, eta emaitzetan izaten ari da isla. Erregulartasuna espresuki ez da aurtengo denboraldiari ezartzeko ezaugarrietako bat.

Enbata ere «nahiko irregular» dabilela azaldu dute hirurek. Emaitza batzuk besteak baino «dezente hobeak» izaten ari direla diote, baina aurrez bazekitela, edo espero zutela, zein izango zen beraien «borroka»: beheko postuetan lehiatzea. Halaxe izaten ari dela azaldu dute. 

«Zorionez, oraintxe, Kaiku zazpi puntu atzetik utzi dugu, baina badakigu zer nolako taldea den, eta ezin dugu hiltzat eman», dio Elizondok. Sailkapenean bi postu gorago dituztenei ere begiratzen dio: «Ares eta Ondarroa lau puntura ditugu; posible da falta den denboraldi erdian guk aurre hartzea, baina baita alde egitea ere». Dena den, azpimarratu dute «edozer» gerta daitekeela falta diren estropadatan, «gauzak ondo egiten jarraitu» behar dutela helburuak betetzeko.

Ama Birjinaren egunez, abuztuaren 15 eta 16an, estropadak jokatuko dira Zarautzen, bi jardunalditara. «Gogotsu» dira etxean jokatzeko: «Beti telebistatik edo moilatik ikusi izan ditugu estropadak, eta antolakuntzan laguntzen ibili gara; orain, onenekin jokatzeko aukera edukitzea ilusio handiz hartzen dugu».