Olatua baliatu du Enbatak

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 9a, 14:13
Zarautz Babyauto Hondarribian. (Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga)

Asteburu bikaina osatu du Zarautz Babyauto traineruak. Gaur, Ondarroako uretan, lehen txanda irabazi du azken luzean olatu bat probestuta. Une honetan, play-off postua utzi eta hamargarren kokatu da.

Gari Urangaren mutilak beren unerik onenean daude, eta gaur berriro erakutsi dute Ondarroako estropadan. Beheko postuetan aurkari zuzen dituen traineruen aurka azkenera arte lehiatzeko grina dutela erakutsi dute. Lekittarrarekin parez pare ibili da ia estropada guztian zehar, baina bizkaitarrak buru jartzen ziren tarteka, Ares eta Kaiku atzean geratzen joan diren bitartean. Azken luzean, ordea, Zarautz Baybautok ez du asmatu itzulerako kalearekin eta Lekittarrak hiru segundora ere jarri dira aurretik. Nolanahi ere, olatu eder bat ongi baliatuta, atzetik aurreraino joan da Enbata, txanda irabazita. Gainera, zazpigarren bukatu dute sailkapen orokorrean.

Nagusitasun osoz irabazi du Zierbanak Ondarroako Bandera, bigarren txandan garaile izan eta jardunaldiko denbora onena jarrita. Oriotarrei gutxigatik ihesi zaie garaipena, ohorezko txanda dotorea jokatu eta gero. Lidergoan Urdaibaik jarraitzen du 97 punturekin; bigarren Orio kokatu da 93rekin, eta hirugarren zein laugarren Santurtzi eta Donostiarra daude, hurrenez hurren, 92na punturekin.

Alde horretatik, Zarautzek play-off postua den hamaikagarren tokia utzi du, eta hamargarrena da asteburu  bikain honen ondorioz. Une honetan, 38 puntu ditu; Ares jarri da bere atzetik, 36 punturekin, eta bere aurretik, bederatzigarren postuan, Ondarroa du puntu bakar batera, 39 punturekin.