Irudietan: Abian dira ezohiko festak Azken Portun

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 10a, 19:41

Aurtengo Azken Portuko festek ez dute orain artekoen moduko irudirik utziko. Atzera begira jartzeko baliatu du abagunea jai batzordeak, eta Auzoari begira erakusketa jarri dute Kristau Biltokian. 

Agerikoak diren arrazoiengatik, ez dago urte arrunt bateko abuztuaren 10ean egongo litzatekeen jai girorik Azken Portu, Santa Klara eta Aritzbatalden, festen lehen eguna izanagatik. Dena den, jai batzordekoek jaurti dute suziria urteroko moduan, eta hormak eta balkoiak, bederen, badira auzoa festetan sartu denaren adierazle.

'Auzoari Begira', historiaren errepasoa

Kolorerik eta musikarik ez da falta, eta, gainera, ikusgai egongo da datozen egunetan jai batzordeak Kristau Biltokian prestatutako Auzoari Begira erakusketa (goiko irudietan ikus daiteke erakusketaren lagin txiki bat). Hamaika harribitxi topa daitezke bertan: duela 40 urteko festetako egitarauak, auzoak aspaldi zuen itxura erakusten duten zuri-beltzezko argazkiak, aspaldiko kamisetak, festek utzi dituzten hainbat irudi eder... Bati baino gehiagori oroitzapen ederrak ekarriko dizkion ikus-entzunezkoa ere ikusgai dago, hain zuzen, 1982ko festetakoa. Egungo festen aldean oso bestelakoak dira ikus daitezkeen irudiak: Iñaki Perurena gaztea Astazubi plazan erakustaldia egiten, hark atseden hartu bitartean bertsolariak balkoitik kantari... Egitarauetan ere badago aldea. Esaterako, 80ko hamarkadako ekitaldien artean irakur daiteke ahari talka edo oilar jokoa izan ohi zirela garai hartan.

Bitxikeriok aurrez aurre ikusi nahi dituzten herritarrek aukera izango du bihar eta etzi ere, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Bihar, Santa Klara eguna

Ohiko festarik ez, baina hainbat ekitaldi izango dira bihar ere. Hemen biharko egitaraua:

Goizean zehar. Marrazkiz apainduko dute auzoa. Egin marrazkia etxean eta ondoren itsatsi auzoko paretetan (marrazkiak sare sozialetan partekatuko dira).
11:00. Meza Frantziskotarren elizan.
11:00. Mural margoketa araba kalean.
12:00-14:00. Auzoari begira erakusketa Kristau Biltokian.
13:00. Tortilla eta postre lehiaketa. Plaza Gorrian jarriko diren mahaietan aurkeztu beharko dira. Tortilla onenarentzat, bi lagunentza afaria Zubi Ondon; postre onenarentzat, bi lagunentzako afaria Karlos Argiñanon.
17:00. Altxorraren bila auzoan. Parte hartzeko: 5-12 urteko haurrak, gehienez bosteko taldetan eta heldu baten ardurapean. Izena emateko: azkenpostua@gmail.com helbidera idatzi.
18:00-20:00. Auzoari begira erakusketa Kristau Biltokian.
20:00. Elkarrekin Habanera eta UnBlenBle abestiuko dute balkoietatik.