Aisialdiko eta ostalaritzako neurri murriztaile bereziak kendu dituzte Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 11a, 14:06

Gaur argitaratutako EHAAk dioenez, jaurlaritzak kendu ditu jada Eibarren, Ermuan eta Zarautzen gaur arte indarrean izan diren neurri murriztaileak.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, ez daude indarrean jada berragerpenen harira Zarautzen ezarritako ostalarientzako ordutegi bereziak, egoera epidemiologikoa "egonkorra" delako. Horren adierazle da, esaterako, azken hiru egunetan Zarautzen ez dela koronabirus kasu berririk atzeman. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien ordutegiak murriztu zituen uztailaren erdialdean, baina erabaki zuen hainbat herritan neurriak are zorrotzagoak izatea, herri horietan gertatutako berragerpenengatik. Hala, Eibarren, Ermuan eta Zarautzen soziedadeetan, tabernetan eta jatetxeetan edukiera erdira mugatu zuten eta establezimendu guztiek 23:30ean itxi behar zituzten ateak. Arau horiekin funtzionatu dute gaur arte herriko ostalariek.

Gaur argitaratutako EHAAk, ordea, dio neurri murriztaileenak, Zarauzkoak kasu, bertan behera gelditzen direla, beraz, aurrerantzean ordutegi eta edukiera malguagoak edukiko dituzte establezimenduek.