Etxean jokatuko du Enbatak asteburuan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abu. 12a, 10:36
Zarauzko Estropaden aurkezpena, moilan. (Zarauzko Udala)

Segurtasuna bermatzeko TKEren protokoloa dela eta, Zarautz-Getaria pasealekua itxi egingo dute oinezkoentzat, eta ezingo da estropada eremura joan arraunlariak animatzera.

Dagoeneko gertu dago guztia Emakumezkoen Zarauzko XII. Ikurrina eta Gizonezkoen Zarauzko XLIII. Ikurrina jokatzeko. Asteburu honetan, abuztuaren 15ean eta 16an, jokatuko dira estropadak. Eusko Labeleko arraunlarientzat ligako 11. eta 12. estropadak izango dira asteburukoak, eta Euskotrenekoentzat, Zarauzko probarekin amaituko da liga, nahiz eta iragan asteburuko lorpenagatik oriotarrek dagoeneko ziurtatuta duten ligako lehen postua.

Eusko Labeleko postuak erabakitzeke daude oraindik, baina garbi dago larunbateko eta igandeko jardunaldiak erabakiorrak izango direla, gutxi geratzen baita liga amaitzeko. Ohi bezala, larunbatean 17:40ean hasiko dira arraunean Euskotren ligako arraunlariak, eta 18:00etan Eusko Labelekoen txanda izango da. Igandean, berriz, 11:30ean hasiko  dira Euskotrenekoak eta, segidan, 12:00etan, aterako dira uretara Eusko Labelekoak.

Urteroko moduan, Getariako portutik sartuko dira traineruak uretara, eta estropada eremua Zarautzen egongo da. Jon Artola Zarautz Arraun Elkarteko lehendakariak azaldu du estropada eremua "garbia" eta "berdintasun handikoa" dela eta, oraingoz, iragarpenek diotenez, asteburuan "itsaso ona" izango dela arraunerako.

Zarautz-Getaria pasealekua itxita

Segurtasuna bermatzeko protokoloak direla eta, Zarauzko Udalak erabaki du oinezkoentzako ixtea Zarauztik Getariara doan pasealekua. Leire Arana Kirol zinegotziak jakitera eman duenez, Narros ingurutik bigarren tunelerainoko eremua egongo da itxita, larunbatean 17:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:30etik 14:00etara. Horren harira, deia luzatu die zarauztarrei estropadak telebistaz jarraitzeko, aurten arraunzaleek ezingo dutelako estropada eremura bertaratu arraunlariak animatzera.

'Play-off'etik kanpo mantentzea xede

Iragan asteburuko erakustaldi bikainari esker, play off postuak atzean utzi eta ligako hamargarren postua eskuratu zuen Zarautz-Babyautok, Ondarroan zazpigarren denbora onena egin ostean. Zalantzarik gabe, azken bi postu horietatik ahalik eta gehien urruntzea da aurtengo Enbataren helburua, eta asteburuko estropadetako emaitzak garrantzitsuak izango dira alde hori handitu ahal izateko. Estropadak etxean jokatzeak herriko zaletuen berotasuna hurbilago sentitu ahal izatea ekarri ohi du, baina, aurten, zoritxarrez, bestelakoak izango dira kontuak, ez baita itsas pasealekua urdinez jantzita ikusiko. Dena den, ZAEk deia egin die zarauztarrei, estropada eremura hurbildu ezin bada ere, dauden lekuan daudela, elastiko, bisera edo maskara urdina soinean eraman dezaten.