770 kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 16a, 16:39

Larunbatean zenbatutako koronabirus kasu positiboen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian. Horien arabera, beste 610 kasu hauteman dituzte larunbatean egindako PCR probetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, beste 160 kasu detektatu dituzte.

Tsunami hitza aipatu zuen Nekane Murga Osasun Sailburuak atzoko agerraldian. Badirudi olatuak indarrarekin jarraitzen duela. Izan ere, larunbatean egindako 7.780 PCR probetan beste 610 kasu positibo atzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Aurreko egunetan bezala, Bizkaian izan dira kasu gehien –370–; Araban 130 kasu izan dira, eta Gipuzkoan 106. Beste lau positibo ere zenbatu dituzte, erkidegoan bizi ez diren pertsonenak. Nafarroan, berriz, 160 kasu positibo detektatu dituzte azken orduetan. Beraz, 770 dira Hego Euskal Herrian atzemandako kasuak.

Ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere gora egin du azken 24 orduetan. Beste 18 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta gaur egun 14 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. 

Kontuan hartu behar da Osasun Sailak ez duelako herrietako daturik ematen asteburuetan. Beraz, bihar arte zain egon beharko da jakiteko ea kasu positiborik izan den Zarautzen asteburu honetan.