Jose Minaren 'Fusioa' erakusketa ikusgai egongo da Photomuseumen gaurtik aurrera

IƱigo Gaiton 2020ko abu. 25a, 11:14

Ostiralean mahai-ingurua egingo da artistarekin, 18:00etan, erakusketaren aurkezpen modura.

Jose Mina artistak 'Fusioa' erakusketa jarriko du gaur Photomuseumen, eta ikusgai egongo da irailaren 27ra arte. Erakusketaren aurkezpen modura, ostiral honetan, abuztuak 28, mahai-ingurua egingo da argazkilariarekin batera, arratsaldeko seietatik aurrera.

Carlos Martinez Gorriaranek testu hau idatzi du erakusketaren nondik norakoak azaltzeko:

MUNDU IKUSGAI IKUSEZINA EDO BEGIRADAREN BOTEREA

Munduan barna goaz begirada oharkabe eta ohiko batekin, berehalakoa eta ezaguna denari eskainia: semaforoak begiratzea, hala autoak eta oinezkoak nola espaloiko lanak saihestea, edo bilatzen dugun denda hori topatzea. Aitzitik, begiradak ere badu gure ohiko mundua oso modu desberdinean aztertzeko ahalmena: arakatzekoa, sorpresari erne, adi-adi argi eta itzalen bibrazioari, gauzen dirdira txinpartatsuari. Eta argazkiek badute gaitasuna begirada desberdin horiek irudietan finkatzeko, hor zegoen mundu zoragarria agerian utzita, mundu bat non ikusi gabe begiratzeko modu arrunt hori iragaten baitzen, haren izaera atzeman gabe. Hori oparitzen digu Javier Minak bere argazki-safariekin, egunero agertoki duzun mundu horretako sorpresa estaliaren bila murgildurik: paretak eta fatxadak, hiri-altzariak, espaloiak eta arkitektura-zatiak, argi-itzalen efektuak, zeinuak eta zirrimarrak. Ezkutatutako edertasun aldakor eta arinez betetako eguneroko gauzak, argazki-lanak aurkitu eta betiko finkatzen dituena.

Eta horrela lortzen dute argazkiek gauzak agerian uztea eta itxuraldatzea. Ez baitira emandako zerbaiten erregistro hutsak, familia-kodeen ikonoak, irudi ezaguterrazen argazkiak; aitzitik, sorkuntzak dira. Begiradaren boterea bizitza propioa duten irudiak sortu eta birsortzeko ahalmena da. Javier Minak hautatu duen triptiko erako konposizioak berriz ere nahasten ditu ikusizko zatiak nolakotasun piktoriko harrigarria duten konposizio berrietan, sarritan ia abstraktuetan. Baina ez da pintura, ez dira motibo abstraktuak: egiazko gauzen puskak dira, kalean dauden irudienak, haien zeinu, zirrimarra eta arkitekturena, alegia, argiak, itzalak, koloreak, objektuak, marrak, testura leun eta zimurtsuak, profil zorrotz eta zartatuak. Ikusizko jakinduriaren erakustaldi bikaina da, eremu likidoan borborka doazen irudienak, non argazkilaritza garbi eta zehatzak bat egiten duen pintura posible batekin, konposatzeko moduan ageri dena.

Ororen gainetik, honako hau esan nahi dizuet: erakusketa hau, Javier Minak bere argazki-kamera txikiarekin egunero behatu gabe gora eta behera ibiltzen ditugun kaleetan egindako argazki-safarien emaitza, benetako gozamena da, eta aurkikuntza zirraragarria: edertasun estali eta sekretuarena, bizi garen eguneroko munduko txoko eta gauzarik apalenetan dagoen horrena.