Urduri baina gogotsu ekin diote ikasturteari umeek

Amaia Urbieta Arruti eta Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 7a, 11:44

Besarkadarik eta muxurik gabeko eskolara itzulera izan da gaurkoa. Protokolo zorrotzak jarraitu dituzte ikastetxeetan haurrak ikasgeletara bideratzeko, eta ezohiko irudiak ikusteko aukera izan da eskolen kanpoaldean nahiz barruan.

Sei hilabete ikasgelara sartu gabe igaro ostean, gaur abiatu da ikasturtea hainbat eta hainbat ikaslerentzat. Esaterako, Orokieta Herri Eskolaren eta Salbatore Mitxelena Ikastolaren inguruetan ez zen giro gaur goizean, 09:00etarako minutu gutxi falta zirenean. Haurrak ilaretan eta musukoarekin, gelara sartzeko beren txanden zain. Salbatore Mitxelena Ikastolan, esaterako, eraikinaren ingurua egokitu dute sartzerako orduan ikasle guztiak elkarrekin pila ez daitezen. Hala, mailaka eta gelaka bildu dira Bertsolarien plazan nahiz Iñurritzako zelaian.

Orokietan, berriz, denak ordu berean elkartu dira patioan, distantziak mantenduta. Eskumuturretan koloretako pultserak jarri dizkiete, arduradunek errazago identifikatzeko gela bakoitzeko haurrak.

LH2ko gela batekoak beren ikasgelara nola sartu diren bertatik bertara ikusi du HITZAk, eta baita ilaran nola eskuak banan-banan garbitu dizkien ere Itziar irakasleak. Ondoren, bakoitzari esan dio non eseri behar zuen, eta lauko mahaietan kokatu dira txikiak. Mahai bakoitzean kolore desberdineko lau aulki zituzten zain, eta zintzo-zintzo eseri da nor bere tokian.

Gurasoen eta haurren iritziak

Umeek eguna urduri hasi dute. Orokietako LH5eko ikasle batzuek azaldu dute gauean lo gutxi egin dutela. "Beroa ere banuen, eta pijama aldatu behar izan dut gauerdian!", esan du batek umoretsu.

Gurasoek ere esan dute urduri baina gogotsu hasi dutela eguna umeek. Etxetik ateratzeko unean bereziki, oso urduri sumatu dituela azaldu du Ikastolako bi haurren zaintzaile den herritar batek, eta izan da ikastolarako bidea isildu gabe egin duen haurrik ere: "nor jarriko dute gelako arduradun?, nola izango dira halako eta halako?" galdetzen zion aitari.

Maila ezberdinetako haurrak elkarrekin gurutza ez daitezen, txandaka sartuko dira aurrerantzean Ikastolako eraikinera haurrak. Zenbait familiarentzat egunerokoa antolatzeko zailtasuna da ordutegi txandakatuen kontua, ordea. Ikastolan hiru haur dituen guraso batek azaldu du konplikatua izango dela egunaren hasiera aurrerantzean, baina ahal duten moduan antolatu beharko dutela. Dena den, ikastolaren antolakuntzarekin "gustura" agertu da. Urduri egon arren, haurrei azaldu die aurten ere gaixotzea tokatuko zaiela ziurrenik, "beste urteetan bezalaxe".

Orokietan, esaterako, ume guztiak gelara sartu ondoren ere, bazen guraso talderik ikastetxe kanpoaldean, berriketan. Hasiberri den ikasturteaz galdetuta, iritzi diote ikastetxeak protokolo zorrotzak ezarri dituela, eta horiek betez gero, gauzak ondo joango direla. "Arazoa da 16:30etik aurrera zer gertatuko den. Guraso bakoitzak hartu beharko ditu neurriak, eta logikoena litzateke aurten parkera gutxiago joatea. Orain, eguraldiak laguntzen duenean behintzat, hondartzara joango gara", esan du ama batek.

Maskarekin egon beharko dute sei urtetik gorako haurrek geletan, eta denetariko iritziak dituzte horren aurrean. Batek azaldu du uda osoa maskarekin igaro dutela ume askok, eta horiek ohituta daudela. Beste batek, bereak 5 urte dituela eta maskararik gabe egon dela, eta orain ohitu egin beharko duela. Gainera, amari esan diola noizbehinka segundo batez jaitsi egingo duela, arnasa hobeto hartzeko. "Esan dit nola egin behar duen soinketa maskararekin, izerdi patsetan egonda".

Kontuak kontu, espero dute aurrez aurreko eskolak ahalik luzaroen jaso ahal izatea ikasleek ikasturte berezi honetan.