Nadia Erostarbe: "Irabazteko asmoz joan nintzen, eta oso pozik nago"

Aritz Mutiozabal 2020ko ira. 7a, 10:32
Nadia Erostabe Espainiako txapeldun izan da absolutuen mailan. (Cesurf)

Joan den aste osoan Surfeko Espainiako Txapelketak jokatzen aritu dira Galizian, eta Nadia Erostabe garaile izan zen atzo absolutu mailako emakumezkoetan.

Espainiako txapeldun izan da Nadia Erostarbe surflari zarauztarra A Frouxeira hondartzan, Valdoviño (Galizia). "Gogotsu joan naiz txapelketa honetara. Berrogeialdiaren ondoren asko entrenatzen aritu naiz, eta, egia esan, irabazteko asmoz joan nintzen. Ez nekien ziur jokatuko zen ala ez, baina antolatuko zutela erabaki zutenean, helburu gisa hartu nuen", nabarmendu du. Ondorioz, emaitzarekin "oso pozik" agertu da.

Honakoa ez da Espainiako txapeldun izaten den lehen aldia. Duela bizpahiru urte ere lortu zuen garaipena, baina orduan 18 urtez azpikoen mailan izan zen. Oraingo honetan, ordea, maila absolutuan irabazi du, eta horrek bestelako jauzi bat suposatzen duela iritzi dio: "Surflari parte hartzaileen maila handiagoa da. Gainera, gazteak gero eta indartsuago datoz. Beraz, lehia gehiago dago".

Garazi Sanchez, Melania Suarez eta Janire Gonzalez Etxabarria izan zituen lehiakide finalean. Erostarbek ongi ekin zion txandari, eta aurkariei gehiago kostatu zitzaien lehian sartzea. "Konstantzia gehiago izan nuen, eta horrek lasaiago aritzeko aukera eman zidan". Kanporaketetan puntuazio politak lortuta iritsi zen surflari zarauztarra finalera; Garazi Sanchezek ere puntu sorta handia erdietsi zuen. "Mailarik handiena izan duen txapelketa izan da, nahiz eta aurten Leticia Canales ez den izan, ebakuntza bat egin behar izan diotelako".

Epe laburrera begira, bi hitzordu ditu azpimarratuta egutegian: irailaren 23tik 25era Angelun, eta irailaren 28tik urriaren 2ra Portugalen. "Gonbidatu egin naute, eta oso gustura nago. Honek Europako surflariekin lehiatzen jarraitzeko aukera emango dit", azaldu du Erostarbek.