Haurrei eta gazteei zuzendutako igeriketa ikastaroak izango dira Aritzbatalden

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 10a, 09:00

Irailaren 28an hasiko dira ikastaro guztiak, eta gaur irekiko dute izen-ematea. Haurrei zuzendutako saioak antolatu dituzte, eta 12-16 urte bitarteko gazteek ere izango dute igeriketan aritzeko aukera.

Zarauzko Udaleko Kirol Sailak jakinarazi duenez, 2020-2021. ikasturtean ere igeriketa ikastaroak eskainiko dituzte Aritzbatalde kiroldegian. Irailaren 28an hasiko dira saio guztiak, eta gaur, irailak 10, irekiko dute izen-ematea. Irailaren 19ra arte, izena emateko aukera izango dute parte hartzeko asmoa dutenek. Haurren ikastaroei dagokienez, irailaren 21ean egingo dute plazak esleitzeko zozketa.

Haurrek saio bakarra izango dute astean. Ohi bezala, mailaka bereiziko dituzte parte-hartzaileak: Dortoka (1. maila), Karramarro (2. maila), Olagarro (3. maila) eta Igela (4. maila). Aste bakoitzean 30 minutuz arituko dira Dortoka eta Karramarro taldeetako kideak, eta Olagarro eta Igela mailetakoak, aldiz, 45 minutuz.

12-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaroa ere prestatu dute Aritzbatalden, eta ostegunetan elkartuko dira. Lehorreko kiroletan ere izango dute eskaintza; besteak beste, GazteFit, Gazte Spinning edota GazteYoga ikastaroak.

Informazio gehiago nahi dutenek Aritzbatalde kiroldegiko harrerara jo dezakete, edo bestela, kirola@zarautz.eus e-mail helbidera mezu bat bidaltzeko nahiz 943 00 51 23 telefono zenbakira deitzeko aukera dute.

Lehentasuna ordu batez

Bestalde, Leire Arana Kirol zinegotziak azaldu duenez, 17:00etatik 18:00etara bitartean haurrek eta gazteek izango dute lehentasuna kiroldegiko igerileku txikian, igerileku ertainean eta bigarren solairuan. Izan ere, "bereziki une hauetan", "jarduera fisikoa gazte eta haurrentzat lagungarria dela" hausnartu dute Kirol Sailean.