Urtarrilean aztertuko dute noiz egin Hondartzako Futbol Txapelketa

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 15a, 16:22

Urriaren 5ean zabalduko dute ikasturte honetako Hondartzako Futbol Txapelketan izena emateko epea. Jokalarien poltsa ere zabalik dago dagoeneko.

Hondartzako Futbol Txapelketako antolatzaileek erabaki dute urtarrilean hartuko dituztela 2020-2021 denboraldiaren inguruko erabakiak. "Egoera sakonki aztertu ondoren, jokalari eta zaletuen osasuna bermatzea lehenetsita" hartu dute erabakia. Gaurtik urtea amaitu arte badute zer aztertu.

Antolatzaileek prentsa ohar bidez azaldu dutenez, segurtasun protokoloa osatu behar dute, txapelketan parte hartuko duten pertsona guztien osasuna ahalik eta gehien babestuko duena. Txapelketaren formatu ezberdinak ere aurreikuisi nahi dituzte eta, horretarako, azpimarratu dute garrantzitsua dela parte hartu nahi duten taldeak zeintzuk diren jakitea. 

Izen-ematea

Urriaren 5etik azaroaren 27ra arte egongo da zabalik Plaieroetan izena emateko epea. Aurten, parte hartzeko nahikoa izango da taldearen izena eta delegatuaren datuak aurkeztea. Jokalarien fitxen definizioa eta diru-sarrerak beranduago egingo dira. Bien bitartean, aurreko urteko taldeetako delegatuekin harremanetan jarriko da antolakuntza.

Horrez gain, jakitera eman dute gaurtik aurrera zabalik egongo dela jokalarien poltsa, Plaieroetan jolastu nahi baina talderik ez dutenentzat. Horretarako, jokalaripoltsa@playeruak.eus helbidera mezu bat idatzi behar da. Antolatzaileek gogorarazi dute 16 urtetik gorako edonork joka dezakeela.

Hobetzekoak

Denboraldiaren hasiera atzeratzeak aukera emango die antolatzaileei aurreko denboraldian egindako balorazio inkestan azaldu ziren hobetzeko puntuak lantzeko. Informazio eguneraketak prentsa bidez eta beren sare sozialetan zabalduko dituzte, eta zalantzarik izanez gero, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzi daiteke.