Xabier Eizagirre: "Korronte eta ikuspuntu guztietara irekita gaude"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 18a, 12:30

Euskal kulturaren eta pentsamenduaren transmisioa du helburu Jakin Fundazioak. Sorreratik duen aldizkaria oinarri, proiektu zabalagoaren zertzelada batzuk eman ditu Eizagirre erredaktoreburuak (Zarautz, 1966).

Ezin abiatu elkarrizketa hau uztailean zendutako Joan Mari Torrealdai Jakinen sortzaileari buruz galdetu gabe. Zure bizitzan, zure lanean, nor izan da?

Laguna, maisua, eredua. Laguna, Jakinen elkarrekin egin ditugun urteetan gure lankidetza gertutasunean, konfiantzan eta lagun giroan oinarritu zuelako. Maisua, talde lanetik abiatuta euskalgintzaren egitasmo estrategikoak diseinatzeko eta bideratzeko zeukan gaitasun izugarria gurekin elkarbanatu zuelako. Eredua, gure herria, hizkuntza eta kultura ezagutzeko eta maitatzeko oinarriak, kateari eusteko kontzientzia transmititu dizkigulako. Eta orain, gainera, gure artetik joan denean, sinbolo bihurtu zaigu: euskararen eta euskal kulturaren aldeko borrokaren eta horien aurkako jazarpenaren sinbolo, borroka horrexegatik atxilotu baitzuten, torturatu, epaitu, epaiaren zain zazpi urte eduki... azkenean ke bihurtu zen auzi umiliagarri batean.

Haren zer ekarpen nabarmenduko zenuke?

Torrealdairen bi alderdi azpimarratuko nituzke, beren artean estuki lotuak daudenak. Alde batetik, Jakin Taldetik, euskararen eta euskal kulturaren ikuspegi zehatz bat sustatu zuen: batetik, kulturaren edozein esparrutan erabilgarria izango den euskara batu eta modernoaren alde egin zuen; bestetik, gizarte zibilean errotutako kultura nazional, ireki eta autonomoaren alde. Ikuspegi horretatik abiatuta, azken bost hamarkadetako eragile garrantzitsuena izan da euskal kulturaren alorrean, unean uneko egitasmoen oinarriak eta egiturak sortuz eta aldamioak altxatuz: Jakin, Elkar, UZEI, Euskal Idazleen Elkartea, Egunkaria... ezin dira bera gabe ulertu. Beste aldetik, intelektual handia izan da; intelektuala, zentzurik onenean: bere jakinduria euskal gizartearen unean uneko premiei erantzutera bideratu du. Torrealdairen ekarpen intelektuala hainbat esparrutan izan da bide urratzailea: liburuaren munduan, zentsuran, euskararen historia sozialean, kulturgintzan, kazetaritzan... Hortxe dugu bere herentzia, aurrera begirako iparrorratza.

Zeure lanari dagokionez, udan gai ezin aktualago batekin egin duzue Jakin Jardunaldia UEUko udako ikastaroetan.

Hala da, bai. Pandemiak, distopiak eta mundu berriak izenburupean, egungo egoeraz egin da jardunaldia, hasieran geneukan asmoa aldatuta, martxotik hona gertatu den guztiarekin.

Beharbada herritar batzuentzat ez da oso ezaguna Jakinen lana, baina esan daiteke aldizkaria oinarri duen kulturarako eta pentsamendurako plataforma izan nahi duela, ezta?

Bai, tresna bat pentsamendua eta kultura sortzeko eta zabaltzeko. Horri gehituko nioke politikoki independentea dela, korronte eta ikuspuntu guztietara irekia.

Hori, Euskal Herrian, ez al da zaila?

Bada zaila, baina hasieratik izan du jarrera hori Jakinek, eta nik uste, bere historiari gainbegirada bat emanez gero, mantendu duela. Egon dira, tarteka, polemikak, baina polemiketan ere batzuei eta besteei eman zaie adierazteko bidea.

Kultura esaten duzunean, zentzurik zabalenean ulertu behar da, ezta?

Hori da. Kultura esaten dugunean ez gara bakarrik ari kultur politikaz edo kulturgintzaz beraz–alegia, antzerkiaz, zinemaz–, baizik zentzu zabalenean. Jakinen betidanik landu izan dira politika gaiak, ekonomia gaiak, gizarte auziak, literatura, hizkuntza, filosofia, pentsamendua, hedabideak... Beti izan da azterketarako leku pausatu bat.

Azterketa eta pausatu, diozu. Garai hauetan ez da erraza izango hori.

Ez, ez da. Digitalizazioak abantaila asko ekarri ditu, baina eragozpen batzuk ere bai. Guk, zorionez, historikoki, harpidetza poltsa handi bat eduki dugu, hain zuzen 1960-1970eko hamarkadatik gatozelako; orduan aldizkari gutxi zegoen eta euskaltzaleek, konpromisoz, militantziaz, harpidetzak egiten zituzten. Berez, gure tankerako aldizkari batek beste hizkuntza batean eduki ditzakeenak baino gehiago ditugu, eta horrek arnasa eman izan digu beti.

Aldizkari fisikoaz gain, PDF formatuan ere eskaintzen duzue, eta webgunean ikus-entzunezkoek pisu handia dute. Hor dituzue liburuen argitalpenak ere; sailak.

Bai. Azken urteetan aurrerapauso nabarmena eman dugu digitalizaziorantz, eta liburu argitalpenak ere azpimarratu nahiko nituzke. Hainbat bilduma ditugu: esaterako, Txillardegiri buruzkoa da bat; feminismoaz ere badugu, eta beste hainbat.

Bukatzeko, zeuk zer argazki egiten duzu euskal pentsamenduaz?

Euskal pentsamenduaren egoera lotuta dago euskararen egoerarekin eta pentsamenduaren eta kulturaren egoera orokorrarekin. Euskal pentsamenduak bi adar horiek ditu. Hizkuntzari dagokionez, hizkuntza gutxitu batez hitz egiten jarraitzen dugu, eta bere inguruan bi hizkuntza hegemoniko dituena. Zorionez, euskalgintza indartsu bat badago Euskal Herrian, historikoki egon da, baina azken urteak eta hamarkadak ez dira onenak horrelako proiektuetarako; jendearen militantziarako, etab.

Eta pentsamenduari dagokionez?

Pentsamenduari dagokionez, ez da jarduera elitista bat, noski, baina bada gutxiengoa. Edozein kultura eta hizkuntzatan izaten da hala. Baina gutxiengoa izanagatik, beren garrantzia dute, gizarte batean egon daitezkeen aldaketetan eragina edukitzen dutelako. Guk uste dugu Euskal Herrian badaudela pentsalari garrantzitsuak, obra garrantzitsua egin dutenak, eta guk gure gain hartzen dugu pentsalari horien obra gizarteratzearen ardura edo lana. 

Txillardegiren obra bildu eta argitaratu duzue.

Hori da, bai, eta Joxe Azurmendi ere ezingo nuke aipatu gabe utzi. Haren obra oparoa bildu dugu.

1999tik Jakinen parte den filosofoa


Filosofian lizentziatua da Xabier Eizagirre, eta hainbat argitalpen eginak ditu zientziaren filosofiaren esparruan. 1999tik, baina, besteen lanak bildu eta zabaltzeaz arduratu da nagusiki, Jakineko erredakzio arduradun izan baitzen 2014ra arte, eta ordutik erredakzioburu baita. 2014an sartu zen, hain zuzen, Lorea Agirrek gidatutako lantalde berria Jakinen. Agirrek lekukoa hartu zion Joan Mari Torrealdairi zuzendari lanetan, eta azken hori fundazioko lehendakari izan da bere heriotzera arte. 1977tik Torrealdaik gidatu zuen proiektua Joseba Intsausti, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebalatzategirekin batera.