Arkamurkak prest ditu 22. Astronomia Jardunaldiak

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 19a, 09:48

Irailaren 29an eta urriaren 6an hitzaldi bana eskainiko ditu natur taldeak. Aurrenekoan argiari buruz ariko dira, eta bigarrenean, berriz, unibertsoaren eskalak izango dituzte hizpide. Irailaren 29koa zuzenean jarraitu ahalko da atari honetan nahiz Erlo Telebistan.

Arkamurka natur taldeak prest du 22. Astronomia Astea. Egungo egoeragatik, ordea, ekitaldi kopurua murriztu egin behar izan dute, eta horregatik, egokiagoa ikusi dute astea deitu beharrean jardunaldiak izenburua jartzea. Dena den, umorez hartu dute murrizketa: "Helburua betikoa da: gauza berriak ikusi eta ulertzea. Aurtengoan bi zarauztar ekarri ditugu, eta argia pizteko eskatu diegu; ikusi nahi baitugu, eta urrutira gainera", azaldu dute oharrean.

Hitzaldiak bi asteartetan izango dira: irailaren 29an aurrenekoa, eta urriaren 6an bigarrena.

Irailaren 29koa Ander Gonzalez de Txabarrik eskainiko du. 20:15ean Modelo aretoan izango da hitzaldia, eta argiari buruz mintzatuko da zarauztarra: "Zer den, zer informazio dakarren eta nola baliatu dezakegun azalduko digu. Argia argituz ariko da. Aurrena, Historian zehar gizakiak argiari buruz izan dituen ideia eta ezaguerei buruz jardungo du. Ondoren, argi ezberdinen izaera eta ezaugarriei buruz ariko da, baita erradiazio horiek astronomian dituzten erabilerei buruz ere".

Streamingez jarraitu ahalko da atari honetan (zarauzkohitza.eus)  nahiz Erlo Telebistan.

Urriaren 6koa Itziar Garate Lopezek emango du. "Zenbateraino handia da unibertsoa? Eta nolakoa?  Unibertsoaren eskalak azalduko dizkigu eta hauxe dio: Unibertso behagarriaren tamaina 10^27m-koa da, kuatriloi bat kilometrokoa. Baina inork ezin du halako neurri bat imajinatu. Gure mundutik kanpora zoom eginez, unibertsoaren egitura eta bertako objektu garrantzitsuenen eskalak ezagutuko ditugu. Baita hori guztia nola sortu zen ere".

Aurreneko hitzaldia bezala, bigarren saio hori ere streamingez jarraitu ahalko da 
https://jitsi.eus/ArkamurkaAstronomiaJardunaldiak estekan sartuta.