Asteartetik aurrera, berriro egongo dira deskontu bonoak herriko hainbat saltokitan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 27a, 10:31

Herriko 124 saltokitan egongo dira deskontu bonoak asteartetik aurrera. Udazkeneko kanpaina honetan, gainera, bonoak metagarriak izango dira. Ikusi hemen kanpainarekin bat egin duten saltokien zerrenda.

Erosi Zarautzen 2020 bono kanpainaren bigarren fasea abiatuko da asteartean. Oraingoz herriko 124 saltokik bat egin dute kanpainarekin (ikusi zerrenda hemen).

Iker Basurko Garapen zinegotziak dioenez, "zaila" da egungo egoera sozioekonomikoa, eta hala izango da datozen urteetakoa ere. Hori dela eta, udazkenean ere herriko negozio txikiak babesteko beharra azpimarratu du. Guztira 10 euroko 5.000 bono baino gehiago ahalbidetuko ditu udalak. Oraingoan, gainera, metagarriak dira bonoak. Alegia, gastua 70 eta 120 euro artekoa bada, deskontua 20 eurokoa izango da; bezeroak 120-180 euro bitartean gastatzen baditu, deskontua 30 eurokoa izango da; eta 180 euro baino gehiago gastatzen badira, deskontua 40 eurokoa izango da.

Kanpainak urriaren 18ra arte iraungo du, baina, aurrekoan bezala, bonoak kanpainaren lehen egunetan amaitzea espero du udalak. Azaldu dutenez, kanpaina honek 200.000 eurotik gorako zuzeneko eragina izango du kontsumoan eta, hau amaitutakoan, eguberriko kanpainaren garaia iritsiko da. Basurkoren arabera diseinatzen hasiak dira dagoeneko, eta, ziurrenik, "berrikuntzaren bat" egongo da. "Aurten inoiz baino gehiago jabetu behar gara bizi dugun egoeraz, eta tokiko saltokietan kontsumitu behar dugu ahal den neurrian", burutu du Basurkok.