'Foto Xanti' bilduma izango da ikusgai Sanz Enean, ostegunetik aurrera

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 29a, 09:00

Urte luzez atera eta bildutako 80.000 argazki eman zizkion udalari Xanti Iruretagoienak, eta martxan dira negatiboak digitalizatzeko lanak. Horietako batzuekin 'Foto Xanti' izeneko bilduma osatu dute, eta Sanz Enean egongo da ikusgai azaroaren 1era bitartean.

Xanti Iruretagoiena argazkilariak 2018. urtean eman zion bere artxiboa Zarauzko Udalari, dohaintzan. "Artxibo hori zaintzea eta zabaltzea" helburu hartuta, Foto Xanti izeneko bilduma osatu dute. Laster izango da ikusgai Sanz Enean, hain zuzen, ostegun honetatik azaroaren 1era bitartean. 1978etik 2001era bitarteko irudiak jasoko ditu erakusketak, eta Zarauzko "memoria kolektiboa" islatuko duelakoan dago udala.

Ostegunean, urriak 1, izango da Foto Xanti bildumaren aurkezpena, Sanz Enean. 18:00etan emango diote hasiera.

1938an jaio zen Iruretagoiena Kukulu. Arotz lanetan aritua, lagun baten eskutik murgildu zen argazkigintzaren munduan. Argazkigintza ikasketak egin eta Foto Xanti, Argazki Denda estudioa jarri zuen martxan. Teknika ugari landu zituen; hala nola, hiri paisaia, erretratua eta argazkigintza dokumentala. Dena den, "Zarauzko eta eskualdeko jendea izan zen argazki horietako pertsonaia garrantzitsuena", udalaren esanetan: "Herri honetako 30 urtetik gorako gizon eta emakume gehientsuenek posatu zuten berarentzat".

Erreportari lanak ere egin zituen "bizitza publiko eta instituzionalean", eta orokorrean izan zen "hemengo bizitzaren lekuko". Gainera, Zarauzko eta inguruko argazki zaharrak biltzen zituen: XIX. mendetik hasita, 50-60 hamarkada arteko ehunka argazki jaso zituen.

80.000 irudi

Iruretagoienak bere artxiboa udalaren esku utzi zuenean, Photomuseumi eskatu zioten argazkien "trataera teknikoaz" arduratzeko. Hala, Photomuseumen iaz ekin zioten 80.000 negatibo inguru sailkatu eta digitalizatzeari, Zarauzko Udal Artxiboak argazkiok barne hartu zitzan.