Positibo kopuruak nabarmen egin du behera eskualdean

Julene Frantzesena 2020ko ira. 29a, 13:12

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 7.373 PCR probetan, Zarauzko lau lagunek eman dute positibo. Orokorrean, azken egunetan nabarmen egin du behera positiboen kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: atzo 285 positibo atzeman zituen Osakidetzak hiru lurralde horietan.

Urola Kostan zenbatutako positibo kopuruak beheranzko joerarekin segitzen du. Hala baiezta daiteke gaur, asteartearekin, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu dituen datuetan. Izan ere, atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 7.373 PCR probetan, eskualdeko zazpi lagunek eman dute positibo. Dena den, joan zen asteartean ere antzerakoa izan zen datua –hiru lurraldeetan 8.519 proba egin zituzten, eta bederatzi positibo zenbatu zituzten Urola Kostan–, baina asteak aurrera egin ahala, ugaritzen joan zen positiboen kopurua. Ikusteko dago, beraz, zer joera hartuko duen koronabirusaren hedapenak.

Atzo atzemandako zazpi kasu positiboetatik lau Zarautzen detektatu zituen Osasun Sailak, eta bi Azkoitian. Zestoan, berriz, pertsona batek eman zuen positibo PCR proban. Zestoan positibo kopurua hasi da beheraka, baina, hala ere, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopurua kontuan hartuz gero, 521,78koa da tasa Zestoan; Gipuzkoako hirugarren altuena.

Azken egunetan, beraz, Zarautzen ere behera egin dute atzemandako positiboek. Aurreko asteazkenean eta ostegunean, irailak 23 eta irailak 24, hamar eta hamabi kasu positiboren berri eman zuen Osasun Sailak, hurrenez hurren. Ostiralean, ordea, jaitsi egin zen positiboen kopurua: sei izan ziren. Asteburuan, orotara hamabi kasu berri detektatu zituzten herrian, eta atzo, esan bezala, lau.

Positibo kopuruaren beheranzko joera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positiboen kopuruak, nahiz eta PCR kopurua ere beste egun batzuetakoa baino baxuagoa izan. Atzo 285 positibo atzeman zituen Osakidetzak hiru lurralde horietan, 7.373 proba gauzatuta. Hau da, proba egindako herritarren %3,8k eman zuen positibo atzo –asteburuan, berriz, %4,9k eman zuen–.

Positibo gehien Bizkaian detektatu dituzte beste behin: 138. Gipuzkoan, berriz, 99 zenbatu dituzte, eta Araban 39. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bederatzi lagunek ere eman dute positibo probetan. Atzo, 28 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko 265 lagun daude ospitaleratuta; atzo baino zortzi gutxiago. Atzo bezalaxe, horietatik 55 pertsona daude ZIUn. RO indizeak –birsorkuntza tasa– gora egin du azken egunetan; izan ere, ostiralean 0,88 zen; atzo 0,92; eta 0,94 da gaur.