Atzo ere lau positibo atzeman zituen Osakidetzak Zarautzen

Julene Frantzesena 2020ko ira. 30a, 14:00

Detektatutako positibo kopuruak gora egin du eskualdean: Osakidetzaren arabera, atzo gauzatutako PCR probetan 21 kasu atzeman dituzte Urola Kostan, tartean, lau Zarautzen. Aipatzekoa da 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuan Zestoan, Azkoitian nahiz Orion izan den igoera. Atzo proba egin zuten herritarren %4,4k eman dute positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Urola Kostan zenbatutako positibo kopuruak beheranzko joera izan du asteburuaz geroztik, baina Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu dituen atzoko datuen arabera, aldatu egin da norabidea. Izan ere, herenegun zazpi positibo atzeman zituzten eskualdeko herrietan, eta atzo 21. Azken orduetan Orion sei positibo, Azkoitian bost, Zarautzen eta Azpeitian launa eta Zestoan bi detektatu dituzte.

Aipatzekoa da 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuan hiru herritan izan den igoera: Zestoan, 1.278 da tasa (hamazazpi kasu azken zazpi egunetan); Azkoitian, 650,6 (azken zazpi egunetan 33 kasu); eta Orion, 610 (hamabost kasu azken zazpi egunetan). Eskualdeko gainerako herrietan 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatuak ez du 500eko langa gainditu, eta badira zazpi egunetan kasu positibo bakar bat ere atzeman ez duten herriak: Aizarnazabal, Beizama eta Errezil.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak: 432 kasu positibo detektatu dituzte –herenegun 285–. Dena den, egun horietan egindako PCR proba kopuruan ere bada aldea; hain zuzen, 7.373 proba gauzatu zituen Osakidetzak herenegun, eta 9.741 atzo. Hain zuzen ere, atzo egindako probetan herritarren %4,4k eman zuen positibo. Herenegun, berriz, abuztuaren 10az geroztik Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan egindako PCR kopuruarekin alderatutako tasa baxuena izan zen: %3,8.

Atzo ere Bizkaian atzeman zituzten kasu positibo gehien; guztira, 198 zenbatu zituzten. Gipuzkoan, berriz, 138 detektatu zituzten, eta Araban 83. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru lagunek ere eman zuten positibo PCR probetan. Atzo, 33 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko, 256 lagun daude erietxeetan. Ospitaleratuen kopurua jaitsi egin da; izan ere, herenegun 265 lagun zeuden erietxeetan. Bestalde, ZIUn herenegun baino pertsona bat gehiago dago atzotik: 56, guztira. RO indizeak gora egin du azken orduetan, 0,96ra iritsi baita –joan zen ostiralean 0,88 zen–.