Asier Puertas oriotarra izango da Enbatako entrenatzailea denboraldi berrian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 3a, 13:10

Gari Uranga eta Asier Puertas.

Gari Urangak Zarauzko traineruaren gidaritza uztea erabaki du, eta zuzendaritzak eskerrak eman dizkio elkartean egin duen lanagatik eta ireki duen bideagatik.

Gari Urangak ZAEko traineru nagusiaren entrenatzaile izateari utziko dio, arrazoi pertsonalengatik, eta Asier Puertas oriotarrak hartuko du, aurrerantzean, taldearen gidaritza. Zarauzko arraun elkarteko presidente Jon Artolak azaldu duenez, abuztuaren erdialdean jakinarazi zion Urangak erabakia zuzendaritzari. "Dena dela, play-offa jokatzea tokatu zitzaigunez, nahiago izan genuen berria aurrerago eman, arraunlariek arreta galdu ez zezaten". Atzo itxi zuten ofizialki 2019-2020 denboraldia, eta Urangak taldeari bere erabakia azaltzeko aprobetxatu zuen hitzordua. Albisteak arraunlariei ezustean harrapatu bazien ere, Urangak azalpenak entzun ondoren, erabakia ulertu zutela adierazi du elkarteko presidenteak. "Hunkigarria izan zen agurra".

Gari Urangaren erabakia jakin zutenetik, entrenatzaile egokia aurkitzeko lanean aritu dira ZAEko zuzendaritzako kideak, eta atzo bertan aurkeztu zieten entrenatzaile berria arraunlariei. "Asier Puertasek garaipen-zerrenda luzea du arraunean, denetik irabazi baitu. Hondarribiko arraunlaria izan da urte askotan eta B ontziko entrenatzailea azken hiru urteetan. Nahi genuen Gari Urangak egindako lanari jarraipena emango zion entrenatzaile bat aurkitu. Horretarako, egokiena Asier Puertas dela iruditu zaigu, eta eskertuta gaude berak ere gu aukeratu gaituelako, beste hainbat eskaintza bazituen eta".

Eskerrak Gari Urangari
Artolak eskerrak eman dizkio Urangari elkartean egin duen lanagatik eta ireki duen bideagatik. "Urtebeterako etorri zen eta hiru urte egin ditu taldean. Urte zoragarriak eman dizkio elkarteari, eta argi geratu da Urangak arrauna ulertzeko modua dela jarraitu beharreko bidea. Gari Urangak beti esan du markatutako bidetik jarraituz gero arraunlariak nahi duten tokira iritsi daitezkeela, eta filosofia horri eutsiko diogu aurrerantzean ere".