Adinekoen lanak bildu ditu 'Leihotik begira itxaron bidean' erakusketak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko urr. 4a, 09:30

Konfinamendu garaian herriko adinekoek euren etxetik ateratako argazki sorta bildu dute, 60+ Adinekoaren Astearen barruan.

Konfinamendu garaian herriko adinekoek bere etxetik ateratako argazkien erakusketa ikusgai egon da Merkatu Plazako aretoan. Larunbat eguerdian izan zen HITZA Leihotik begira itxaron bidean erakusketan, eta une horretan arduradun lanetan ari ziren Itziar Makazaga, Juan Uranga eta Jose Maria Silvanekin aritu zen solasean.

Makazagak azaldu duenez, konfinamendua ezarri zenean Udaberri jubilatuen elkarteko presidente Mikel Agirreri aldizkari digital bat sortzea bururatu zitzaion, elkarteko kideek elkarren berri izan zezaten. "Aldizkari horretara bazkideek nahi dituzten edukiak bidali ditzakete, eta hortik sortu zen argazki lehiaketa egiteko ideia". Urangaren esanetan, lehiaketaren helburua zen bakoitzak bere leihotik zer ikusten zuen erakustea, eta, guztira, 54 argazki bildu dituzte. Hasiera batean, argazki onenari saria ematea pentsatu bazuten ere, ohartu ziren saria egindako lana bera dela; hala, argazki guztiak markoztatu dituzte eta Merkatu Plazan ikusgai jarri, 60+ Adinekoen Astea zela aprobetxatuz.

Argazki lehiaketan ez dute Udaberri elkarteko kideek bakarrik parte hartu, herriko beste elkarteetako kideei ere zabaldu baitzieten ekimenean parte hartzeko aukera. "Eraikin berean dugu egoitza hainbat elkartek eta gure artean harreman ona dugu", azaldu du Silvanek, abesbatzako kideak.

Leihotik begira itxaron bidean erakusketan herritarrek ateratako argazkiak aurkezteaz gain, panel handi bat ere jarri dute herritarrek konfinamenduan bizitako esperientzia, bizipen edo sentimenduen gainean gogoeta egin dezaten.