Antton Lopez 'Kubati' epaituko dute bihar Auzitegi Nazionalean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 7a, 15:18
Zarautz, aurreko ostiralean. (Utzitakoa)

Ziurrenik bihar eta etzi deklaratu beharko du Madrilen. Itxita geratu zen 1986ko auzi batengatik zitatu dute berriro.

Bihar epaituko dute Antton Lopez Kubati Zarauzko bizilaguna Espainiako Auzitegi Nazionalean. 1986ko kausa baten harira auzipetu dute berriz, eta bihar deklaratzera deitu dute, Jose Miguel Latasarekin batera. 66 urteko kartzela zigorra galdegin dute bakoitzarentzat.

Aurretik ere auzi berdinagatik egin zioten epaiketa Lopezi; zehazki, 1986ko ekainean Aretxabaletako (Gipuzkoa) polizia etxe baten aurkako ekintza batean parte hartu izana leporatzen diote. Bere garaian, froga faltagatik itxi zuen kausa Auzitegi Nazionalak. Beste auzibide batzuk medio, ordea, guztira 500 urte inguruko espetxe zigorrak ezarri zizkieten Lopezi nahiz Latasari. 2013ko azaroan gelditu zen aske Kubati, espetxealdia amaituta.

Orain, Auzitegi Nazionalak berriz ireki du 1986ko kausetako bat, eta horregatik zitatu dute Lopez. Dirudienez, bihar nahiz etzi deklaratu beharko du, baina ez dute zehaztapenik eman oraindik.

Atxiloketak

Kartzelatik irten zenetik, gutxienez birritan atxilotu dute Kubati; 2018an eta joan den urtarrilean. Bi aldietan, euskal preso politikoei egindako harrerekin izan dute lotura atxiloketek. Oraindik ez dago berririk auzi horiekin.