Angel Uranga eta artea gizarteratzeko ahalegina

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 9a, 08:58
Pablo Picassoren obra ezagunaren bertsioan, Kataluniako Avignon herriko bost neska txertatu ditu Angel Uranga zarauztarrak (Angel Uranga)

Artista eta Arte Ederretako doktore zarauztarrak Modelo aretoa bete zuen astearte iluntzean Les Demoiselles d’Avignon obraz egiten ari den ikerketaz emandako hitzaldian. 

Artista bezain pedagogoa da Angel Uranga (Zarautz, 1961) edo, nahi bada, pedagogo bezain artista. Eta baita bi horiek bezain ikerlari ere. Arte Ederretan doktore eta EHUko irakaslea da, margolaria ere bai, eta urteak daramatza koadro bera aztertzen: Les Demoiselles d'Avignon (Avignongo neskak, Pablo Pica-sso, 1907). «Izen hori ez da zehatza: berez da Avinyo kaleko neskak. Izan ere, Bartzelonako kale batekoak ziren Picassoren obran ageri direnak», azaldu du telefonoz emandako elkarrizketan. 

Astearte iluntzean ere esan zuen gauza bera, Zarauzko Modelo aretoan eskaini zuen hitzaldian. ZarautzOn elkarteak udazken honetarako antolatutako lehen ekitaldiko protagonista izan zen, eta pozik dago hitzorduak izandako arrakastarekin. «Kontuan hartuta udazkeneko astearte iluntze bat zela, gaia ez dela masiboa eta Zarautzen zela, pozik nago aretoa bete egin zelako eta denek adi-adi jarraitu zutelako. Ezin da gehiago eskatu». Azaldu du saiatu zela entzuleen perfilaren araberako kontzeptuak erabiltzen, eta irudiei esker ulergarriagoa izan zela.  
 
Urangak hamarkada bat baino gehiago darama koadro hori ikertzen. «Oraindik falta zaigu zerbait. Testuak eta argazkiak biltzen dituen katalogoa ari gara prestatzen, eta hitzaldian azaldu nuena serie zabalago baten partea izan zen». Azken urteetan konposizioa ari da aztertzen; aurretik beste hainbat arlo zituen ikertuak tesian, hala nola, testura akzidentala, ibilbideak, eta prozesuak.  


Benetako bost neskato


Konposizioaz egiten ari den ikerketari lotuta, hainbat xehetasun interesgarri kontatu ditu Urangak. Batetik, azaldu du estudioa daukala Bartzelonan, Avignon herrian –koadroaren izen bereko herrian–. Bestetik, Picassoren koadroan ageri diren bost neskak oinarri hartuta, beste bost gaztetxorekin egin du lan. «Nire sozio eta lagunak alaba nerabea dauka, eta hura eta haren lau lagun hartu, eta bururatu zitzaidan, helburu didaktikoekin, alderatzea edo erlazionatzea Avignongo bost neska hauek, Les Demoiselles d'Avignon-ekoekin». Bere koadroetan ikus daitezke alderaketa eta erlazio horiek.   

Bateren batek pentsa dezake astakeria dela hamar urte baino gehiagoz aritzea koadro bakarra ardatz hartuta ikerketa lanetan. Baina Urangak Picassoren obra horren garrantzia azpimarratu du: «Adituek uste dute koadro horren konposizioa dela arte modernoaren abiapuntua, eta hori dela aurreneko konposizio kubista». Horregatik aukeratu du koadro zehatz hori bere ikerlanerako eta bere margolanak egiteko; «publiko zabalago batengana iristeko helburuagatik». Izan ere, Urangak beti dauka presente alderdi pedagogiko hori, baita ematen dituen pintzeladetan ere. 

Erakusketak munduan zehar.
Angel Urangak munduko hainbat txokotan erakutsi du bere obra: Miamin (Ameriketako Estatu Batuak), Toronton (Kanada) eta Madrilen (Espainia), besteak beste. Katalunian estudioa dauka, gainera. 
Zarautzen. Herrian bertan 
dauka arte galeria, Kale Nagusian, Euskalduna tabernaren parean. 
Harremanetarako. Galeria ikusi nahi duenak aurrez deitu behar dio 653 97 83 63 zenbakira.