Kolaboratzaile kanpaina abiatu du Zarautz Rugby Taldeak

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 17a, 10:03
Argazkia: Haymar Manzisidor

"Gaur inoiz baino gehiago" errugbizaleen babesa behar dutela azaldu dute elkartekoek, denboraldi berria "protokolo bereziekin eta aurrekontu murriztuarekin" hasi baitute. Iaz ere egin zuten kanpaina, eta orduan izena emandakoek ez dute berriro eman beharrik izango.

COVID-19 birusak ekarritako osasun krisia eragina izaten ari da arlo guztietan, baita ekonomikoan ere. Zarautz Rugby Taldeak, esaterako, azpimarratu du denboraldi berriari ekin diotela "protokolo bereziekin eta aurrekontu murriztuarekin", eta horregatik, "gaur inoiz baino gehiago", behar dutela zaletuen bultzada eta babesa.

Iaz ere egin zuten kolaboratzaileak lortzeko kanpaina, eta azaldu dute, iaz izena eman zutenek aurten ez daukatela berriz eman beharrik, jada badituztelako datuak laguntza jasotzeko.

Kolaboratzaile berriek, berriz, taldearen webgunean bete beharko dituzte datuak, edo Astiko txarteldegian bertan, partidak direnean. Lau txartel mota izango dituzte eskura:

  • Arrunta: 50 eurotan.
  • Gaztea: 25 urtez azpikoentzat 35 eurotan.
  • Familiarra: 45 euro guraso bakoitzeko eta 20 euro 25 urtetik beherako seme-alaba bakoitzeko. (Gutxienez guraso bat eta seme-alaba bat).
  • Langabea edo jubilatua: 35 euro.

Trukean, onura hauek eskuratuko dituzte kolaboratzaileek:

  • Ohorezko B mailako liga erregularreko partida guztietarako sarrera. Sarrerarekin batera partida bakoitzean pintxo bat dastatzeko aukera egongo da, eta Izarri okindegiko lazo baten zozketan parte hartzekoa.
  • Kolaboratzaile egitean oparia jasoko da: taldearen polo bat.