Bederatzi kasu positibo atzeman dituzte Zarautzen asteburuan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 19a, 14:16

Positibo kopuruak goia jo du asteburuan eskualdean: ostiralean 50 positibo zenbatu zituzten Urola Kostan, eta larunbatean eta igandean, beste 85. Inguruko herrietako datuekin alderatuta, apalak dira Zarauzkoak.

Orain arteko daturik txarrenak utzi dituzte PCR probek asteburuan Urola Kostako hainbat herritan. Izan ere, ostiraleko 50 positiboez gain, larunbatean eta igandean beste 85 positibo detektatu zituen Osasun Sailak eskualdean. Honako hauek dira azken bi egunetako datuak: Azpeitian 34 positibo, Zumaian 23, Azkoitian 11, Zarautzen bederatzi, Zestoan zortzi, Errezilen zazpi, Getarian bi eta Orion bat.

Zarauzko datuak ez daude kezkagarrienen artean, eskualdeko herririk handiena izanik, askoz altuagoa baita biztanleko kasu kopurua Azpeitian, Azkoitian, Zumaian, Zestoan edo Errezilen. Dena dela, I(D)/I(D-7) igo egin da eta, zehazki, 1ean dago gaurko datuekin. Zifra horrek konparatu egiten du gaurko 14 eguneko intzidentzia metatuaren tasa duela astebeteko 14 eguneko intzidentzia metatuaren tasarekin, eta, gaur arte denbora luzez 1etik bera mantendu bada ere (horrek esan nahi du jaisten ari dela intzidentzia tasa), muga horretara iritsi da gaur. 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko 184, 54an dago Zarautzen une honetan; oso gutxi bada ere, igo egin da apur bat. 

Eskualdera begira

Azpeitian bukatu du baheketa masiboa Osakidetzak dagoeneko, baina oraindik ez ditu jakinarazi Izarraitz pilotalekuan gauzatutako probetan zenbat lagunek eman duten positibo. Ostegun eguerdian hasi zen Osasun Saila 17 eta 40 urte arteko herritarrei probak egiten, eta larunbatean bukatu zituen. Osteguna eta larunbata artean, orotara, 59 positibo zenbatu dituzte Azpeitian, baina ez dute zehaztu horietako zenbat diren anbulatorioan, Zumarragako ospitalean eta Izarraitz pilotalekuan egindako proben emaitzak.

Hamalau eguneko positibo kopuru metatuaren tasak gora egin du beste behin Azpeitian: 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuena dauka, 1.142,48. Azkoitiari aurre hartu dio, beraz, zenbateko horretan –1.101,01 da Azkoitikoa–; izan ere, azken asteetan Azkoitia izan da tasarik altuena izan duen herria. Tasa horiek tarteko, ikusteko dago Osasun Sailak neurririk hartuko al duen eskualdeko bi herri horietan.

Bestalde, aipatzekoak dira Errezilen eta Zumaian detektatu dituzten positibo kopuruak ere: zazpi eta 23, hurrenez hurren. Errezilgo bizilagunak Azpeitiko osasun eremuan sartzen dira, eta baliteke baheketan parte hartu izana, eta horrek eragin izana igoeran. Zumaian, berriz, orain arteko positibo kopuru altuena zapatuan atzeman zuten: hogei.

Gipuzkoako tasa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.838 PCR proba gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta 657 positibo atzeman zituen. Hau da, proba gauzatu zuten herritarren %8,4k eman zuten positibo atzokoan. Gipuzkoan herenegun baino kasu gutxiago detektatu zituzten –275 lagunek eman zuten positibo–, baina hamalau eguneko positibo metatuen kopuruak gora egin du: 479,37era iritsi da. Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasatik gertu da, beraz, Gipuzkoa oraintsu.

Bizkaian eta Araban baxuagoa da tasa horren zenbatekoa, baina atzokoan Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 313. Araban, berriz, 59 positibo zenbatu zituzten atzo. Dena den, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko tasa 360,74 da. Hau da, 100.000 biztanleko 360,74 lagunek eman dute positibo azken hamalau egunetan. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, puntuaren gainetik dago azken astebetean: 1,26 da orain.

Atzo 33 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietan 300 lagun daude erietxeratuta gaur egun –herengun baino hamabost gehiago–. ZIUn diren pertsonen kopuruak ere gora egin du herenegundik: zapatuan 52 ziren, eta 55 atzo.

Nafarroako Osasun Institutuak ere eman ditu datuak. 2.719 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik 488 positibo eman ziren, egindako proben %17,1. Bi lagun hil ziren atzo Nafarroan. Ospitaleratuak 296 dira –bezperan baino 14 gehiago–; horietatik 36 daude Zainketa Intentsiboko Unitatean.