Beste urte batez, nazioarteko akordeoi doinuek hartuko dute Zarautz

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 22a, 10:30

Hamalau herrialdetako musikagileek hartu dute parte Francisco Escudero Nazioarteko XIII. Akordeoi Konposizio Sariketan. Bihar izango da sari banaketa ekitaldia, Modelo aretoan.

Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak hamahirugarrenez antolatu du Francisco Escudero Nazioarteko Akordeoi Konposizio Sariketa. Bihar, hilak 23, jakinaraziko dute zein konpositoreren lanak sarituko dituzten aurten. Modelo aretoan egingo dute sari banaketa ekitaldia, 20:00etan hasita.

Hauspozeko kideek azaldu dutenez, oraingoan hamalau herrialdetako musikagileek hartu dute parte lehian: "AEB, Puerto Rico, Txina, Frantzia, Espainia, Polonia, Errusia, Grezia, Italia, Japonia, Argentina, Katalunia, Portugal edota Danimarkatik jaso dira obrak".

Aurreko edizioa gogoan

Biharko ekitaldian Aitor Furundarena Hauspozeko presidenteak hartuko du hitza hasieran, eta gero, gogora ekarriko dituzte iazko irabazleen lanak. Batetik, Antonio Macarettiren Omne vivum ex ovo joko du Garazi Navasek akordeoilariak, eta bestetik, eta Lina Toniaren The sea of rains interpretatuko dute Juan Matiasek (akordeoia), Lucia Arzallusek (pianoa), Iker Bilbaok (biolina) eta Fabio Rafaelek (biolontxeloa). Aurreko urtean Macarettirentzat izan zen ohorezko aipamena, eta Toniak irabazi zuen sari nagusia.

Gero, urte honetako sariketari helduz, epaimahaiaren akta irakurriko du Kultura zinegotzi Irune Urbietak, eta orduan emango dute Fernando Escudero Nazioarteko XVII. Konposizio Sariketako irabazleen berri.

200 obratik gora

Duela hamahiru urte ekin zion Hauspozek nazioarteko lehiaketa antolatzeari, eta ordutik, 200 lanetik gora jaso dituzte 30 herrialde baino gehiagotik. Gaur egun, Zuriñe F. Gerenabarrena, Ramon Lazkano eta Iñaki Alberdi musikari ezagunek osatzen dute epaimahaia, besteak beste.