Jon Alpert izango da protagonista biharko Gela saioan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 22a, 15:00

Kazetari eta zinemagilea da Jon Alpert, eta dokumental ugari egin ditu zinema-teknika erabiliz. Berriemaile aritutakoa da, besteak beste, Vietnamen, Kuban, Txinan, Afganistanen nahiz Iranen. Bihar egingo dute Alperten inguruko Gela saioa, Photomuseumen.

Ostiral honetan ere Gela saioa egingo dute Zarauzko Photomuseumen. Oraingoan, Jon Alpert kazetari eta zinemagile estatubatuarrari eskainiko diote saioa. Antolatzaileen esanetan, Alpert "oso ezaguna da errealitateko zinema-teknika erabiliz dokumentalak egiteagatik".

Ikerketa-kazetari eta berriemaile lanetan jardun du hamaika herrialdetan; hala nola, Vietnamen, Kanputxean, Nikaraguan, Iranen, Filipinetan, Kuban, Txinan zein Afganistanen. Bestalde, sona handia izan du Fidel Castrori edota Saddam Husseini egindako elkarrizketengatik.

Hainbatetan saritu dute Alpert bere lanengatik. Dupont-Kolonbia saria jaso du hirutan eta hamabost Emmy sari eman dizkiote, esaterako. Horretaz gain, bi aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako: Txinako desastre antinaturala: Sitxuan probintziako malkoak lanagatik 2010ean, eta Redention filmagatik 2012an.