Japoniar doinuak nagusi aurtengo Francisco Escuderon

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 24a, 15:44
(Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkartea)

Tetsuya Yamamoto japoniarrak irabazi du Francisco Escudero Nazioarteko XIII. Akordeoi Konposizio Sariketa. Atzo izan zen sari banaketa ekitaldia Modelon, eta epaimahaiak aipamen berezia egin zion Carlos Nuñezi ere.

Aurten hamalau herrialdetako musikagileek hartu dute parte Francisco Escudero Nazioarteko Akordeoi Konposizio Sariketan, baina Japoniara egin du bidaia sari nagusiak: Tetsuya Yamamoto da 2020. urteko irabazlea, Voix de l'orgue 2 lanari esker. Akordeoi laukotearentzako sortutako pieza da.

Atzo gauean izan zen sari banaketa ekitaldia Modelo aretoan, eta orduan jakinarazi zuten nor den aurtengo saritua. Bestalde, Carlos Nuñez konpositoreari ere aipamen berezia egin zion epaimahaiak. Heterosis I pieza aurkeztu zuen lehiaketara Nuñezek, akordeoi, oboe eta fagot doinuak uztartuz.

Aurtengo Francisco Escudero sariketako irabazleen izen-abizenak jada argitara atera badira ere, bart gogoan izan zituzten iazko lan sarituak. 2019an Lina Tonia nagusitu zen The sea of rains konposizioarekin, eta atzo interpretatu zuten abestia Juan Matiasek (akordeoia), Lucia Arzallusek (pianoa), Iker Bilbaok (biolina) eta Fabio Rafaelek (biolontxeloa), aurreneko aldiz. Estreinakoz entzun zen Modelon Antonio Macarettiren Omne vivum ere, Garazi Navasen eskutik. Macarettirentzat izan zen aipamen berezia iaz.

Epaimahaiko kide Zuriñe Fernandezek, Ramon Lazkanok eta Iñaki Alberdik azpimarratu zutenez, "Francisco Escudero sariketak urtez urte berresten du erreferentzia bat dela akordeoi doinuen sorkuntzan". "Proposamenen aniztasuna, horien konbinazio instrumentala nahiz aberastasuna eta partitura gehienek islatzen duten irudimena adierazgarriak dira", gaineratu zuten.