Argi laranja piztu da Zarautzen: 313,29ra igo da intzidentzia tasa

Atzo hamar positibo berri atzeman zituzten Zarautzen. 300eko muga gainditu du intzidentzia tasak, eta eremu laranjara igaro da herria. Urola Kostan 50 emaitza positibo zenbatu zituzten atzoko probetan.

Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean, Zarautz zen atzo eremu gorrian ez zegoen lau herrietako bat. Dena den, aldaketak izaten ari dira semaforoaren koloreetan, eta atzoko proben ostean, gaur jakinarazi dute argi laranja piztu dela herrian: hamar positibo berri detektatu zituzten atzokoan, eta horrekin, 300eko langa jo eta gainditu du intzidentzia tasak. Une honetan, 313,29koa da 14 eguneko tasa, 10.000 biztanleko.

Atzo 291,83koa zen tasa, eta ostiraletik igandera bitartean, 26 kasu berri atzeman zituzten Zarautzen: hamahiru ostiralean, hamar larunbatean eta hiru igandean.

Positibo kopuruak gora egin du beste behin Urola Kostan. Izan ere, atzo gauzatutako PCR eta antigenoen probetan 50 positibo detektatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdean –herenegun 34 izan ziren–. Kutsatze horietako gehienak, Zumaian (hamalau), Zarautzen (hamar), Azpeitian eta Azkoitian (bederatzina) detektatu zituzten, eta gainerakoak, Zestoan (hiru), Errezilen (bi), Getarian (bi) eta Orion (bat). Aian, Aizarnabazalen eta Beizaman, berriz, ez dute kasurik zenbatu.

Koronabirusaren intzidentzia handia da Gipuzkoan, gorri kolorea da nagusi 5.000 biztanletik gorako herri gehientsuenetan, eta tartean dira Zumaia –1.679,39 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen kopuru metatuaren tasa–, Azpeitia –1.587,51– eta Azkoitia –1.159,4–. Zarautzen, berriz, gora egin du kutsatu kopuruak, eta Osakidetzak gaur kaleratu duen COVID-19aren inguruko txostenean kolore laranjarekin ageri da kostako herri hori. Dena den, 5.000 biztanletik behera baditu ere, azken bi astetako positibo kopurua tarteko, eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria Errezil da: 4.936,31.

Zumaian hamalau positibo atzeman zituen atzo Osasun Sailak, baina ez dute zehaztu horietatik zenbat detektatu zituzten Aitzuri pilotalekuan egiten ari diren baheketa selektiboan. Guztira, 13 eta 40 urte bitarteko hiru mila lagun inguru daude proba egitera deituta, eta atzo 900 lagunek erantzun zioten Osakidetzak egindako deialdiari. Bihar arratsaldera arte jarraituko dute probak gauzatzen frontoian.

Positiboek gora egin dute berriro

Hego Euskal Herrian ez du etenik COVID-19aren hedapenak. Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuek neurri berriak iragarri dituzte egunotan, baina berehalakoan ez da aldaketarik etorri. Izan ere, atzo 1.547 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian egindako PCR eta antigeno probetan –horietatik 978 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan–. 15.887 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta testa egin zuten herritarren %9,7k eman zuten positibo.

Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien: 457. Gipuzkoan, berriz, 413 detektatu zituzten, eta 86 Araban. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasa altuena izaten segitzen du Gipuzkoak, azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta. Izan ere, lurralde horretan, 100.000 biztanleko 765 pertsona kutsatu dira azken bi asteetan.

Atzo 71 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. Guztira, 405 pertsona daude lurralde horietako erietxeetan, eta horietatik 74 lagun daude ZIUn –herenegun baino bi gutxiago–. Nafarroako Gobernuak ez du atzoko ospitaleetako egoeraren gaineko daturik eman oraingoz.