Bertan behera utzi dituzte datozen hilabeteetako hainbat ekitaldi

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 30a, 12:33
Udal Gobernuko ordezkariak, goizeko prentsaurrekoan (Amaia Urbieta Arruti)

Kultura Sailaren udazkeneko programazioa mantenduko dute, baina aurten ez da Erdi Aroko azokarik egingo, ezta Kros Mistorik, San Silvestre lasterketarik eta Inauterietako konpartsarik ere.

Xabier Txurruka alkateak egungo osasun egoerak behartuta udalak hartutako hainbat erabakiren berri eman du goizean. Erabaki guztiak dagokien eragileekin adostuak izan direla azpimarratu du Txurrukak. Hala, aurten ez da Erdi Aroko azokarik izango abenduko zubian, eta ez dira egingo Kros Mistoa, Santo Tomas azoka, gabonetako argiak pizteko ekitaldia, San Silvestre lasterketa, ezta Inauterietako konpartsa ere. Ekitaldi horien muina jende pilaketak direla kontuan hartuta erabaki dute bertan behera uztea. Olentzeroren, Bizarzuriren eta Hiru Errege Magoen etorrerari dagokionez, etorri etorriko direla baieztatu du alkateak, baina garbi utzi du ez dela beste urteetakoen moduko ekitaldirik ospatuko. 

Zarautzen inguruko herrietan baino intzidentzia tasa baxuagoa izanagatik, egoera "kezkagarria" dela esan du alkateak, eta azken egunetako joera ikusita, laster semaforoko argi gorria piztuko lukeen 100.000 biztanleko 500eko tasara hel gaitezkeela. Hori horrela, mezu argia helarazi nahi de herritarrei: "Ez dugu hainbeste pentsatu behar zer uzten diguten egiten, baizik eta norberak zer egin dezakeen egoera hobetzeko". Egoerari buelta emateko norberak beretik jarri behar duela azpimarratu du alkateak.

Momentuz, aurrera egingo du udaleko Kultura Sailak udazkenerako antolatutako programazioak. Modelo aretoan edukiera 115ekoa izango da, eta baliteke zenbait ekitaldiren ordutegia aldatu behar izatea, etxeratze aginduagatik. Erabaki hori hartu dute asteburu honetako zinema saioekin, esaterako. 

Hitzartzea baliatu du Txurrukak gogorarazteko Santu Guztien Eguna datorrela eta, autoek ezingo dutela aparkatu hilerrian aurten. "Hiribusak geltokia izango du hilerrian, eta aparkaleuaren espazioa bueltarako maniobra egiteko behar du", argitu du. Dena den, aparkatzea galarazita egongo bada ere, autoak igo daitezke hilerrira batenbat bertan uztera edo jasotzera. Norabide bakarra izango du errepideak, beraz, anbulatoriotik igo eta Abendañotik jaitsi beharko dute hori egiten dutenek. 

Hemen ikusgai alkatearen adierazpenak: