Heriotzari Bizia Ematen jaialdiari hasiera eman diote

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 1a, 13:48
'Hil aurretik nahi dut....' horma aurkeztu dute gaur Orion

Datozen egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkarlanean Zarautz Herri Zaintzaileak eta Orioko Mandalara elkarteak, Heriotzari Bizia Ematen jaialdiaren barruan.

Gaur goizean abiatu dute Mallorcan [Herrialde Katalanak] Heriotzari Bizia Ematen jaialdia, eta, horren barruan, eguerdian Hil aurretik nahi dut... horma aurkeztu dute Orion. "Heriotzaren gaiari ikusgarritasuna eman nahi diogu, gaia alderdi desberdinetatik lantzeko. Euskal Herrian ekimen ugari daude zentzu horretan, eta tokian tokiko eragileok ari gara egitasmoak antolatzen heriotza ikuspuntu desberdinetatik jorratzeko. Sareak sortzen ari gara, eta Heriotzari Bizia Ematen jaialdiaren barruan, jarri nahi izan dugu Hil aurretik nahi dut... horma, herritarrek beren hausnarketak adierazteko tartea izan dezaten", azaldu du aurkezpenean Amaia Gozategik.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimena New Orleansen [Ameriketako Estatu Batuetan] sortu zen artista urbano baten eskutik. Neska honi lagun bat hil zitzaion, eta heriotzaren gaiak sortzen zituen sentipenak adierazteko espazio bat sortu nahi izan zuen hirian". Gaur egun, 70 herrialdetan dago martxan mugimendua, eta toki askotan mota honetako hormak finkoak dira. "Polita izango litzateke herri bakoitzak heriotzaren inguruan hausnartzeko gune bat izatea. Heriotza gai atsegina ez den arren, denoi eragiten digulako".

Zarautz Herri Zaintzailea elkarteko kide Iñaki Peñak adierazi duenez, gaiari ikusgarritasuna emateko aukera bikaina da horma. "Heriotzaren gaiaren inguruko hausnarketa nahiko minoritarioa da, ez du saltzen. Dena dela, uste dut ez dugula ezkutatu behar; aldarrikatu egin behar dugu, eta Hil aurretik nahi dut... horma horretarako aukera aproposa da".

Heriotzari Bizia Ematen jaialdiaren barruan, bestalde, Memora Tanatoriora bisita antolatu dute astearterako; 16:30ean izango da. Ondoren, 17:15ean, Death Cafea egingo dute, Zarautz Herri Zaintzailearen eskutik. 19:00etan, berriz, zineforuma izango da; Los Demás Días filma ikusi eta zuzendariarekin streaming bidezko elkarrizketa egingo dute. Astearteko ekitaldietan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, 648-48 74 89 telefono zenbakira deituta edo dandovidaalamuerte@gmail.com helbidera idatzita.