Bertsoak: 'Ilargiaren inguruan'

Zarauzko hitza 2020ko aza. 2a, 10:30

(Lorentxo Portularrume)

Inaxio Uria 'Isasti'-k ondoko bertso sorta bidali du ZARAUZKO HITZAra, 'Kopla handia' doinuan.

-1-

Ilargiaren ezaugarriak
sarritan dira aztertu
Distantzian urrun daude baina
sentitzen ditugu gertu

-2-

Denbora luzez ezkutatzea
batzutan da zailegia
Adibidez eguzki,ilargi
ta bereziki egia

-3-

Ilargiak bezala guk ere
gurekin daramaguna
Egoera bakoitzan neurrira
gure alderdi iluna

-4-

Ilargia zurbil azaltzean
arrazoia hau omen da
Ezinbestekoa nola ez ba
beti gauean irtenda

-5-

Ilargi ta eguzki artean
hutsala da harremana
Bat irteten den garaierako
bestea ja dago joana

-6-

Nire maitea urruti dago
ta ni jeloskor aldiro
Aspaldian nik ez dut ikusten
ta ilargiak sarriro

-7-

Ilargipean zuk agindua
izan ezik hitz hutsala
eguzkia irteten denean
bete zaizu berehala

-8-

Itsasoak gora eta behera
dabilela da nabari
Agindutakoa men eginez
zintzoki ilargiari

-9-

Nekazarientzat lagungarri
izaten dela pentsatu
Ilargiak agintzen bai die
barazkiak noiz landatu