Ebro Etxea Ondare Historiko eta Arkitektonikoen katalogotik ateratzea onartu du udalbatzarrak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 2a, 14:20

Gehiengo soilaren aldeko botoekin eman zioten erabakiari hasierako onespena. EAJko zinegotziek alde bozkatu zuten, PSE-EE abstenitu egin zen eta aurka agertu ziren EH Bildu eta Podemos-Equo Berdeak

Aurreko ostegunean egindako urriko ohiko osoko bilkuran hasierako onespena eman zioten Ebro Etxea Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Ondasun Historiko eta Arkitektonikoen katalogotik ateratzeari. Gehiengoz hartu zuten erabakia, EAJren aldeko botoekin. Udal Gobernuan dagoen PSE-EE abstenitu egin zen, eta EH Bildu eta Podemos EquoBerdeak taldeek aurka bozkatu zuten. 

2020ko uztailean EHUko arkitekto batek eraikinaren balioari buruzko azterlana idatzi zuen udalak hala eskatuta, eta txostenak jasota dakarren ondorioa da Ebro Etxeak ez daukala «balio arkitektoniko edo ingurumenari dagokionik, haren babesa justifikatzeko». Hori da EAJk akordio proposamenean erabakia hartzeko eman zuen arrazoia.

Udal taldeen artean proposamenaren inguruko iritzi kontrajarriak azaldu ziren batzarrean. Podemos-Equo Berdeak taldeko Oihane Delgado izan zen hitza hartzen lehena, eta eskatu zuen argitzeko zergatik eta zertarako deskatalogatu nahi duten Ebro Etxea. Ez zuen erantzun garbirik jaso, eta bigarren hitzartzean zehaztu zuen beren kezka dela udalaren asmoa izatea eraikin hori eraitsi eta leku horretan etxebizitza libreak eraikitzea. «Kontuan hartuta hondartzatik oso gertu dagoen leku bat dela, etxebizitza libreak eginez gero, horien prezioa ez da edonork ordaintzeko modukoa izango», gaineratu zuen Delgadok. 

EH Bildu ere aurka

Gogor kritikatu zuen erabakia EH Bilduk ere, Podemos-Equo Berdeaken ildo beretik. Koalizioaren ustez, «partzela horretan edozein eraikin egiteko eskuak libre eduki ahal izateko hartu dute erabakia». Gainera, Itziar Murua bozeramaileak azaldu zuen udal arkitektoak ere egin duela eraikinaren balioaren inguruko azterlana, eta azken horren ondorioak eta akordio proposamenean jasota datorren arkitektoarenak kontrajarriak direla. Horrez gain, EH Bildurentzat garai bateko arkitekturaren adierazgarri da Ebro Etxea. 1940an eraiki zuen Azucareras Ebro enpresak, Zaragozako (Espainia) langileen haurrak udalekuak Zarautzen egin ahal izateko. EH Bildurentzat «Zarauzko turismo motaren bilakaeraren adierazgarri» ere bada eraikina, eta gaineratu zuten garai hartako «oso eraikin gutxi» geratzen dela herrian, eta hori bera badela «nahikoa arrazoi kontserbaziorako».

Zalantzak eta erabakiak

EAJren bozeramaile eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak azaldu zuen 1988tik dagoela katalogoan txertatuta eraikina, baina hori onartzeko arau subsidiarioan bere garaian emandako arrazoiak «ahul samarrak» direla iritzi zion. Gaineratu zuen material eskasez egindako eraikina dela eta «mirariz» eutsi diola zutik 80 urtez. «Hori nahi baduzue mantendu, beste 20 urtez eutsi diezaiokezue gutxi gorabehera, baina ez da Torreoia, eta guk hori badakigu bereizten». «Zalantzak» sortzen dizkio EAJri eraikinaren etorkizunak, eta horregatik eskatu zuten azterlana. Podemos-Equo Berdeak taldeak etorkizunaren inguruan azaldutako kezkei Txurrukak erantzun zien «azkarregi» doazela beren iritziz, partzela horretan «ekipamendurako gauza asko» egin daitezkeelako. PSE-EEren iritziari dagokionez, batzordean erabakiaren alde bozkatu bazuten ere, beste iritzi batzuk jaso ostean, abstentzioaren aldeko hautua egitea erabaki zuten.

 EAJren botoekin, gehiengo soila alde izanda aurrera atera zen Ebro Etxea katalogotik ateratzeko erabakiaren hasierako onespena. Orain jendaurrean jarriko dute espedientea 30 egunez eta txostenak eskatuko zaizkie aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Euskal Kulturaren kontseiluari. Hilabeteko epea izango dute txostenak aurkezteko eta, ondoren, behin betiko onespena emateko aukera izango dute.