Indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte beste urte batez

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 10a, 14:47

'Indarkeriaren zurrunbiloa' irudikatzen duen plaka berria jarri dute Arrosategi parkean. Pandemia dela eta, ez da ekitaldi publikoa izan, baina udal talde guztiak izan dira bertan.

Udaleko talde politiko guztiek bat eginik, Memoriaren Eguneko ekitaldia egin dute gaur goizean Arrosategi parkean. Ez da ohiko ekitaldi publikoa izan pandemia tarteko, baina urtero bezala, hainbat lagun elkartu dira "indarkeriaren biktimak oroitu eta gertatutakoaren memoriari eusteko". Indarkeriaren biktimak oroitzeko plaka berri bat jarri dute Terrorismoaren eta motibazio politikoaren biktimak omentzeko espazioan. Bertan, Indarkeriaren zurrunbiloa irudikatu dutela azaldu dute Jesus Arana alkateordeak eta Gloria Vazquez bigarren alkateordeak.

Beren hitzartzeetan nabarmendu dute "espazio berean eta helburu berarekin" egon direla gaur udal talde guztiak. Helburu hori da "bizikidetza eta elkarbizitza indartzea, motibazio politikoaren biktima guztiei elkartasuna helaraztea eta egia, justizia, erreparazioa bilatzea, gertatua ez errepikatzeko".

Plakaren zurrunbiloan hainbat "ekintza" zerrendatu dituzte: erailketak, mutilazioak, bahiketak, desagertzeak, estortsioa, tortura, xantaia... Hitzartze laburren ondoren, urtero bezala, minutu bateko isilunea gorde dute bertaratu direnek eta, ondoren, loreak utzi dituzte plaka berriaren atzean, banaka-banaka.