UKUEk kultura eta sormen alorreko topaketan parte hartuko du

Guztira, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako zazpi proiektu aurkeztuko dira topaketan, eta bertan izango da Zarauzko Experientziak enpresa.

Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko ahaleginean, eskualdez gaindiko ekimen berri baten parte hartuko du UKUEk. Eskualdeaz harago sektorea saretzen jarraitzeko helburuarekin, esperientziak trukatzeko networking saio berri bat antolatu dute elkarlanean Gipuzkoako, Bizkaiako eta Nafarroako zazpi erakundek, Euskadiko Garapen Agentzien elkarteen aterkipean eta INNobasqueren laguntzarekin. Urola Kostako Udal Elkartea ekimenaren sustatzaileetako bat da. 

Oraingoan, espazio publikoa izango dute aztergai, eta besteak beste, hurrengo galderari erantzuna ematen saiatuko dira: Nola uztar daitezke espazio publikoa, eta sormen eta kultura adierazpena errealitate berrian?. Izan ere, antolatzaileen arabera, osasun krisiak sortu duen testuinguru berrian “ezinbestekoa” dirudi jarduera kulturalak birpentsatu eta sormen adierazpenetarako eremu publikoak birdiseinatzea. Gainera, ikuskizun eta sormen nahiz kultura proiektu ugari geratu dira bertan behera, eta horregatik, ezinbestekotzat jotzen du UKUEk topaketen bidez sektoreko eragileen arteko hausnarketa estrategiko bat abian jartzea. 

Topaketak azaroaren 23an egingo dira aurrez aurre, Getxon, 17:00etatik 19:30era. Edozein kasutan, streaming bidez jarraitzeko aukera aukera ere eskainiko dute. Guztira zazpi proiektu aurkeztuko dira, eta helburua da ondoren horietako bakoitzaren alderdi berritzaileenak aztertzearekin batera, osasun larrialdian esparru publikoa leheneratzeko zutabeak berrasmatzea, eremu irekiak, plazak, kaleak edo gizarte guneak oinarri hartuta. 

Urola Kostaren kasuan, Experientziak – Harimakilatik ihesi proiektua aurkeztuko du. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Plaza kopuru mugatua ezarri dute, eta izen ematearen hurrenkera errespetatuko da eskabideak onartzeko. Informazio gehiago nahi duenak, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943-89 08 08 telefonora deitu beharko du.