Gazte Koordinadora Sozialistak protesta egingo du azaroaren 21ean

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 15a, 09:41

Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu lelopean, mobilizaziora deitu du hainbat herritan, tartean Zarautzen eta Azpeitian. Aldarrikapen nagusiak hauek dira: indargabetzea neurri diziplinario eta polizialak; indartzea osasun baliabide sozialak; bermatzea eskubide zibil eta politikoak; eta hedatzea langileriaren antolakuntza komunista.

Hego Euskal Herriko hamairu herri eta hiritan egingo du protesta Gazte Koordinadora Sozialistak datorren larunbatean, azaroak 21. Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu lelopean, Zarautzen ere mobilizatzera deitu dute. 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxe aurrean.

Urola Kostako koordinadorak sare sozialetan zabaldu duenez, lau aldarrikapen nagusi  dituzte: indargabetzea neurri diziplinario eta polizialak; indartzea osasun baliabide sozialak; bermatzea eskubide zibil eta politikoak; eta hedatzea langileriaren antolakuntza komunista.

Larunbateko mobilizazioa kokatzen da "oligarkia finantzarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek ezarritako salbuespen egoeraren aurkako" salaketa kanpainaren barruan.

Azpeitian ere egingo dute protesta, 18:30ean plazan. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan aterako dira kalera, eta baita Hernanin, Tolosan, Beasainen, Bergaran, Durangon, Gernikan eta Lekeition ere.