Santa Ana egoitzaren aurrean amaitu dute gaur manifestazioa pentsionistek

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 16a, 13:51

"Inork ez luke negoziorik egin behar gure bizitzarekin zahartzaroan", aldarrikatu dute gaurkoan Zarauzko jubilatu eta pentsiodunek. Egoitza publiko eta kalitatezkoak eskatu dituzte eta, ondoren, erresidentziakoei abesti bat eta bertsoa eskaini dizkiete.

Asteroko hitzorduari hutsik egin gabe, pankartaren atzetik Santa Ana egoitzaren aurrera joan dira manifestazioan Zarauzko pentsiodun eta jubilatuen mugimenduko kideak. Hala, bat egin nahi izan dute egoitzetako senide eta langileen aldarrikapenekin. Zehaztu dute Euskal Herrian 3.000 lagunetik gora hil direla pandemiagatik eta, horietatik "ia erdiak" adinekoen egoitzetako egoiliarrak izan direla. Horrez gain, azaldu dute duela 30 urte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzen %9 zirela pribatuak eta, egun, diotenaren arabera, "370 egoitzatik 277" direla pribatuak. Datu horiek mahai gainean izanik, irmo aldarrikatu dute: "inork ez luke negoziorik egin behar gure bizitzarekin zahartzaroan". 

"Egoitza publikoak, unibertsalak, kalitatezkoak eta doakoak" eskatu dituzte, eta azaldu dute egoitza handiek ez dietela "egungo beharrei erantzuten". "Eredu txikiagoak behar dira", gehitu dute. Horrez gain, zehaztu dute zerbitzu guztia euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu beharra dagoela. 

Irakurketaren ostean, trikitiz eta panderoz lagunduta, Isil isilik kantua abestu dute Santa Anaren aurrean, baita bertso bat abestu ere. Amaitzeko, gogorarazi dute datorren astelehenean ere bilduko direla protestarako, asteroko moduan, 12:00etan udaletxe aurrean.