9.000 euroko larrialdiko dirulaguntza emango dio udalak UNICEF elkarteari

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 16a, 16:08

Laguntza herrialde bakarrera bideratu ordez, mundu osoan eragitea xede duen UNICEF erakundeari bultzada ematea adostu du Kooperazio departamenduak.

Zarauzko Udalak aurrekontuaren %0,7 baino gehiago bideratzen du garapenerako lankidetzara. Diru horretatik zati bat larrialdietarako gordetzen du; hain zuzen ere, ustekabean sortzen diren gatazka armatu edo hondamendi naturaletarako. 

COVID-19ak mundu osoan izan du eragina, baita hegoaldeko herri pobretuetan ere. Herrialde horietan handiak dira osasun arloko gabeziak eta "gizarte mailako beharrak. Hori dela eta, "kolpe gogorragoa" ari dira jasotzen, udalaren arabera. Hori dela eta, udalak hainbat larrialdiko dirulaguntza eskaera jaso ditu COVID-19ak munduko hainbat txokotan eragindako kalteei aurre egin ahal izateko. Hala nola Indiarako, Ekuadorrerako, Palestinarako eta Saharako errefuxiatuen kanpamenduetarako.

Patxi Elola Kooperazio zinegotziak jakitera eman du udalak ezin diela erantzun jasotako eskaera guztiei eta, horregatik, laguntza herrialde jakin batera bideratu beharrean, "mundu mailako eskuhartze orokor bati" ematea erabaki dute. Hala, UNICEF erakundeari emango dio udalak 9.000 euroko dirulaguntza, koronabirusaren harira mundu mailan egiten ari diren programa orokorrerako. Udalak jakitera eman du ondorengoetan erabiliko dela diru hori: prebentzio kanpainak, uraren saneamendua, higiene hornidura, musukoak, arnasgailuak, behar duten haurrei urrutiko ikaskuntzarako baliabideak eta osasun arreta.