Ikasturteko programazioa aurkeztu du Arraio Irratiak, berrikuntzekin

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 19a, 11:22

'Bermudatik' saioa da aurtengo berrikuntzetako bat. (Arraio Irratia)

Arraio Irratiak bi irratsaio berri aurkeztu ditu hamabosgarren denboraldian: Aho bete hitz… more! eta Bermudatik. Zortzi irratsaio propio ekoitziko dituzte Putzuzulo gaztetxeko Gela Arrosetik.

Hamabosgarren denboraldiko programazioa argitara eman berri du Arraio Irratiak. "Nork esango zuen, Lizundia oihal fabrika zaharreko komunera sartu ginenean, honaino iritsiko ginenik. Pandemia, konfinamendua, gure aterpe ere baden Putzuzulo gaztetxearen egoera ziurgabea, gorabehera asko izan ditugu azkenaldian ere, baina hasieratik egin bezala, ez diogu inoiz uhin eta ahots askeak aireratzeari utzi", adierazi dute Arraioko kideek. Zortzi irratsaio propiorekin osatu dute ikasturteko programazio nagusia, tartean, bi berri: Aho bete hitz... more! eta Bermudatik. "Sareko podcast feministak berreskuratuko" ditu aurreneko saioak, ostegunero, eta bigarrenak, aldiz, "doinu elektronikoz eta ez hain elektronikoz" astinduko du 99,3 FMa, ostiral iluntzero.

Bestalde, beste urte batez, Putzuzulo gaztetxeko Gela Arrosetik ekoitziko dituzte Bapateko unibertsoa (astelehenetan), Galdedebalde (astelehenetan), Zaratazarautz (astearteetan), Izerditan blai (asteazkenetan), Ithaka ukatuz (asteazkenetan) eta Ahuntzaren gauerdiko eztula (igandeetan) saioak. Iluntzeetan izango dira zuzeneko emanaldiak, baina  saio guztien errepikapenak emango dituzte goizetan eta larunbatetan.

Orokieta ikastetxeko ikasleek ere jarraituko dute Orokieta Irratia saioa egiten; astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan izango da entzuteko aukera, eguerdian. Horrez gain, Arrosa Sareko gainontzeko irratien saioak edota musika izango dira entzungai 99,3 FMan.

Datorren igandean, azaroak 22, Arraioko kideek Zarauzko kaleetan barrena aurkeztuko dute aurtengo programazioa. "Eta gogoratu, beti bezala, gure mikroak zabalik daudela parte hartu nahi duen guztiarentzat2, gaineratu dute.