Aurten, indarkeria matxista jasan duten 31 emakumek jo dute laguntza eske Zarautzen

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 19a, 15:23

Uxue Berridi eta Gloria Vazquez. (Zarauzko Udala)

Konfinamendu garaiaren ostean gora egin dute indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek egindako kontsulta psikologikoek, "baina ez salaketek". Parekidetasun Sailak hainbat ekimenen berri eman du azaroaren 25aren harira: besteak beste, eskualdeko ikastetxe guztiek online topaketa egingo dute eta Erradikalak ginen antzezlana izango da Modelon.

Datorren asteazkenean izango da aurtengo Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. "Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoan bi emakume hil dituzte; ama-alabak ziren, eta haien senarra eta aita zenak hil zituen. Espainian, guztira, 40 emakume hil dituzte urte honetan eta, gehienetan, erasotzailea bikotea edo bikote ohia izan da. Etxe berdinean bizi ziren eta gutxitan egon ziren salaketak. Kontuan izan behar dugu, gainera, hilketa dela larriena baina ikusten dugun arazoaren zati bat baino ez dela", azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak. "Zenbatzen ez diren kasu asko daude".

Vazquezek dio, Zarautzen, indarkeria jasan zuten 37 emakume artatu zituztela 2019an, Gizarte Zerbitzuetan, anbulatorioan nahiz Ertzaintzan. 2020ko urriaren 30era arteko datuen arabera, aurten 31 izan dira laguntza eske jo duten emakumeak; hemeretzik Gizarte Zerbitzuetan, hamarrek Ertzaintzan eta bik anbulatorioan. Aurtengo berezitasun modura, martxoan indarrean sartu zen itxialdi orokorra aipatu du Vazquezek: "Konfinamenduan zehar, indarkeria pairatzen duten emakume askok, etxe barruan erasotzailearekin egonda, eusteko ahalegin handia egin dute, gauzak lasai joan zitezen. Horrek beste sufrimendu psikologiko bat eragin die emakume horiei. Konfinamenduaren ostean, igo egin dira psikologoari egindako kontsultak, baina ez salaketak".

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, hainbat ekimenen berri eman du Parekidetasun Sailak. Esaterako, udalak kartelak kokatuko ditu Zarauzko hiru sarreretan Zarautz indarkeria matxistaren aurka leloarekin, eta Erradikalak ginen antzezlana izango da Modelo aretoan azaroaren 25ean bertan.

Lanketa ikastetxeetan

Bestalde, herriko ikastetxe guztiek, Urola Kostako gainontzeko ikastetxerekin batera, online topaketa egingo dute azaroaren 25ean,. Berritzeguneak gidatutako ekimena izango da oraingoan ere, Hezkidetza Foroaren eskutik. Uxue Berridi Zarauzko Berritzeguneko arduradunak azaldu duenez, urtean zehar "lanketa sakona" egiten da ikastetxeetan ikasleekin: "Foroak egiten dira, elkarrizketak, unitate didaktikoak, ikasleak pedagogikoki busti daitezen auzi honekin; bai ikasleak, bai haien familiak".

Aurtengo azaroaren 25ean ikasleek ezingo dute ekimenik egin kalean, baina Berridik dio berriro "bat egingo dutela egun horretan, indarkeria matxista gaitzesteko eta Tratu Ona, guztiona giza-legea aldarrikatzeko". 12:00etan elkartuko dira "Urola Kostako udalerriak, eskolak eta Berritzegunea", modu birtualean. "Manifestu bat elkarbanatuko dugu eta bertso batzuk abestuko ditugu", iragarri du Berridik, eta "hezkidetza, berdintasuna eta Tratu Ona" aldarrikatuko dituztela gogorarazi du.