Bi hitzaldi eskainiko ditu ZarautzOnek abenduan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 19a, 15:52

Kutsatutako pertsonak arakatzeko aplikazioez eta protesi pertsonalizatuez ariko dira abenduko bi hitzaldietan. Biak telematikoki eskainiko dituzte.

Abendurako bi hitzaldi prestatu dituzte ZarautzOn elkarteko kideek. Izatez azaroan egitea aurreikusten bazuten ere, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta atzeratzea erabaki dute, eta modu telematikoan egingo dituzte. 

Abenduaren 1ean, asteartean, 19:00etatik aurrera aztertuko dituzte kutsatutako pertsonak arakatzeko aplikazio informatikoen arrakastak eta herritarren intimitaterako eskubidearen aurkako eraso posibleak. Horretarako, Urko Zurutuza Mondragon Unibertsitateko zibersegurtasun koordinatzailea ariko da hizlari lanetan.  Abenduaren 15ean, berriz, hainbat gaixotasunetarako protesi pertsonalizatuen diseinua eta fabrikazioa landuko dute ordu berean. Leartiker osasun ikertzaileen enpresak aurkeztuko du gaia.

Bi hitzaldietan galderak egin ahal izango dituzte ikus-entzuleek, telefonoz zein ordenagailutik bertatik. Hitzaldietan parte hartu ahal izateko helbidea aurrerago jakinaraziko duela azaldu du ZarautzOnek.