Ekitaldi batekin itxiko dute Uraren Azalean ekimena

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 20a, 11:30
(Uraren Azalean)

Irteera eta tailerrak egin ondoren, aurki amaituko dira Uraren Azalean jardunaldiak. Aste hauetan sortutako lanak eskuetan, errekan bilduko dira ekimenean parte hartu duten pertsonak.

Urriaren 24an eman zieten hasiera Uraren Azalean jardunaldiei, ibilaldi berezi batekin: Zarautz zeharkatzen duen Igerain ibaiaren ibilbide berdina egin zuten hainbat pertsonak. Hala, "erreka eta bertako bizitzaren inguruan hitz egiteko eta gehiago ezagutzeko aukera" izan zuten bertaratu zirenek. Gerora, Uraren Azalean ekimenari lotuta, errekarekin eta urarekin lotura izan duten hainbat sorkuntza tailer egin dituzte Artezaleaken; hain zuzen, Koinobori eta Kwandalowa tailerrak.

Aurki egingo dute Koinobori tailerreko azkeneko saioa, zeramikak egosteko. Ainhoa Goenaga ekimenaren antolatzaileak azaldu duenez, horren ostean egingo dute jardunaldien itxiera ekitaldia. Abenduaren 5ean edo 12an litzateke, eta aurreratu dutenez, tailerretan sortutako lanak hartu eta errekan elkartuko dira parte hartzaileak.

Erlazionatuak

Aberastasun naturala ezagutzen

Gorka Eizagirre-Mireia Galarza 2020 urr 23 Zarautz