Bost kasu berri zenbatu dituzte Zarautzen

Asteburuan eremu laranjara igaro zen Zarautz, eta une honetan, 429,17koa da positibotasun tasa. Orokorrean, beheranzko joeran jarraitzen du tasak Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman berri du atzo, astelehena, PCR eta antigeno probetan positibo eman zutenen kopurua, eta eskualdeko egoerak oro har hobera egiten jarraitzen du. Zarautzen bost kasu zenbatu zituzten atzo, herenegun baino kasu bat gehiago, eta semaforo laranjan jarraitzen du, 429,17ko intzidentzia tasa baitu. Hala, beheranzko joerari eusten dio positibotasun tasak.

Joan zen astelehenean, 29 kasu zenbatu zituzten eskualdean, eta atzo 22 izan ziren. Egoerarik okerrena Azkoitian dute; izan ere, 11 pertsonak eman zuten positibo probetan, herenegun baino bost gehiagok. Gainera, hilaren 18tik ez zen halako datu txarrik erregistratzen herri horretan —21 zenbatu zituzten orduan—, eta 100.000 biztanleko hamalau egunetako intzidentzia tasa 884,14 da bertan gaur-gaurkoz.

Orion, aldiz, bi kasu zenbatu zituzten atzo, eta joan zen asteleheneko datuekin alderatuta beherakada izan bada ere —zazpi zenbatu zituzten orduan—, eskualdeko intzidentzia tasarik altuena Oriok du oraindik, 1.072,43koa, hain zuzen. Azpeitian ere bi kasu zenbatu zituzten atzo, joan zen asteartean baino bederatzi gutxiago, eta egunez egun positiboen kopuruak zein intzidentzia tasak jaisten jarraitzen dute. Gaur-gaurkoz, 763,87 da Azpeitiko intzidentzia tasa.

Getarian eta Zestoan kasu bakarra zenbatu dute, baina intzidentzia tasa altua izaten jarraitzen dute bi herriek; hurrenez hurren, 948,70 eta 756,59. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zumaian, aldiz, ez zuten kasu berririk hauteman atzokoan. Nabarmentzekoa da Zumaian positiboen kopuruak izan duen beherakada; semaforo gorrian zegoen joan zen asteartean, eta laranjan dago orain, 300,34ko intzidentzia tasarekin.

Positibotasun tasak, behera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.767 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 610 pertsonak eman zuten positibo —87k Araban, 285ek Bizkaian, 235ek Gipuzkoan eta hiruk lurralde horietatik kanpo—; hau da, %6,3koa da gaur-gaurkoz positibotasun tasa. Joan zen asteartean %8,9ko positibotasun tasa zuten hiru lurraldeek; beraz, astebetean behera egin du tasak. Igandeko datuekin alderatuta, ordea, positibo kopuruak gora egin du, 499 izan baitziren orduan. 

Hiru lurraldeetako ospitaleratzeei erreparatuz, datu kezkagarriak utzi zituen atzoko egunak; 58 ospitaleratze berri izan ziren atzo, joan zen asteartean baino gutxiago, baina azken hiru egunetan baino gehiago. Uneotan 417 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan COVID-19a dela eta; ZIUn ospitaleratuta daudenak, berriz, 140 dira.

Bestalde, Osasunbideak adierazi duenez 140 kasu berri zenbatu zituzten atzo Nafarroan, herenegun baino 27 gehiago. Halere, positibotasun tasak behera egin du; 2.038 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta %6,9 izan zen positibotasun tasa.