Zarautz indarkeria matxistaren aurka dagoela adierazi dute herriko sarreretan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 25a, 08:52

Herriko hiru sarreratan jarri dituzte halako kartelak, udaleko Parekidetasun departamentuaren ekimenez. Gaur Azaroaren 25a izanik, hainbat ekintza antolatu dituzte herrian, indarkeriaren biktimak gogoratzeko, salatzeko zein gaiaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko.

Aurrerantzean, irudian ikusten direnen moduko kartelak ikusi ahalko dituzte Zarautzera sartzen direnek. Aurten ezingo da ekitaldi jendetsu eta deigarririk egin Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean, baina Parekidetasun departamentuak ikur sinboliko horiek jartzea erabaki du. Dena dela, hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko zein datorren ostiralerako zenbait taldek:

Gaur, azaroak 25.

  • 12:00etan, manifestua irakurriko dute birtualki ikastetxeetan.
  • 16:00etan, Genero problematika hezkuntzan hitzaldia gaztetxean, Ikasle Abertzaleek antolatuta.
  • 18:00etan, Koordinadora feministak deituta, bizikleta martxa Emakumeen Etxetik abiatuta.
  • 18:30ean, ekitaldia Munoa plazan. 
  • 19:00etan, Erradikalak ginen Modelon. 

Etzi, azaroak 27.

  • 18:30ean, Samara Velteren hitzaldia komunikabideetan egiten den indarkeriaren trataeraz. Ondoren, Egografia errezitaldia.

Indarkeriaren zenbakiak

Aurreko astean emandako prentsaurrekoan Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak gogorarazi zuen aurten, Euskal Autonomia Erkidegoan bi emakume hil dituztela; ama-alabak ziren, eta haien senarra eta aita zenak hil zituen. "Espainian, guztira, 40 emakume hil dituzte urte honetan eta, gehienetan, erasotzailea bikotea edo bikote ohia izan da. Etxe berdinean bizi ziren eta gutxitan egon ziren salaketak. Kontuan izan behar dugu, gainera, hilketa dela larriena baina ikusten dugun arazoaren zati bat baino ez dela", azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak. "Zenbatzen ez diren kasu asko daude".

Vazquezek dio, Zarautzen, indarkeria jasan zuten 37 emakume artatu zituztela 2019an, Gizarte Zerbitzuetan, anbulatorioan nahiz Ertzaintzan. 2020ko urriaren 30era arteko datuen arabera, aurten 31 izan dira laguntza eske jo duten emakumeak; hemeretzik Gizarte Zerbitzuetan, hamarrek Ertzaintzan eta bik anbulatorioan. Aurtengo berezitasun modura, martxoan indarrean sartu zen itxialdi orokorra aipatu du Vazquezek: "Konfinamenduan zehar, indarkeria pairatzen duten emakume askok, etxe barruan erasotzailearekin egonda, eusteko ahalegin handia egin dute, gauzak lasai joan zitezen. Horrek beste sufrimendu psikologiko bat eragin die emakume horiei. Konfinamenduaren ostean, igo egin dira psikologoari egindako kontsultak, baina ez salaketak".

Horiek dira Zarauzko datuak, eta hemen daude ikusgai eskualdeko gainotzeko Gizarte Zerbitzuek emandako zenbakiak.