15.000 euro emango dizkio udalak Salvamento Maritimo Humanitariori

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 25a, 15:20
SMHko kideak, Patxi Elola Kooperazio zinegotziarekin. (Zarauzko Udala)

Aste honetan bertan Mediterraneorantz abiatzekotan dira Salvamento Maritimo Humanitarioko kideak, Aita Mari ontzian. 

Aurrekontuaren zati bat gorde ohi du Zarauzko Udalak munduan zehar gerta daitezkeen "ezusteko larrialdietarako". Patxi Elola kooperazio zinegotziaren hitzetan, ordea, "badira azken urteetan errepikatzen diren katastrofe humanitario latzak, zoritxarrez, etenik ez dutenak". Europara iristeko ahaleginetan itsasoan hiltzen diren pertsonez ari zen zinegotzia. Gogorarazi du krisi humanitarioa ez dela eten, eta 2020an 700dik gora direla Mediterraneoan bizitza galdu duten pertsonak. "Ikaragarria da gertatzen ari dena, jendea hiltzen ari da gu bizi garen lekura iristeko, gu bizi garen bezala bizi ahal izateko. Honek guztiak konponbidea behar du, gure eskuetan ez dagoena, baina guk zerbait egin dezakegu, eta egoera salatzeaz gain, gure hondar alea jar dezakegu bizitzak salbatzeko".

Hori horrela, 15.000 euroko dirulaguntza emango dio udalak aurten Salvamento Maritimo Humanitario elkarteari, Mediterraneoan pertsonen bizitzak salbatzen laguntzeko. Prentsaurrekoan izan ziren Iñigo Gutierrez eta Nerea Machado elkarteko kideak, bizitakoak elkarbanatzen. Bizitzak salbatzeaz aparte, itsasoan gertatzen ari dena azaltzea "garrantzitsua" da Machadorentzat. "Bertan inor ez badago, inork ez daki zer ari den gertatzen. Gertatzen ari den hori erakutsi nahi diogu gizarteari".

Bestalde, Gutierrezek eskertu nahi izan du Zarauzko Udalak hasieratik eman izan dien dirulaguntza. "Duela bost urte DYAko anbulantzia zahar batekin eta uretako motor batekin irten ginen. Partikularrek eta instituzioek emandako laguntzari esker iritsi gara oraingo egoerara. Itsasoan bizi ditugun esperientziak oso gogorrak izan dira, denetarik ikusi dugu. Bertan konturatzen zara Aita Mari bezelako itsasontzien balioaz. Ehunka bizitza salbatu ditugu. Kontuan izan behar da, gainera, Europara iritsinahi duten hiru txalupatik bakarra iristen dela bertara". Gutierrezek gaineratu du Aita Mari ontziarekin Mediterraneorantz abiatzekotan direla aste honetan bertan, eta gertu dituztela baimen guztiak horretarako.