Koldo Uribarrik zinegotzi kargua hartu du eta EAJko hiru zinegotziren ordainsaria igo dute

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 28a, 09:00

Gazteria Sailaren arduradun zen Jon Andoni Urdangarin zinegotziak karguari uko egin zion urrian, eta Irune Urbieta zinegotziak hartuko du departamentu horren ardura aurrerantzean. Xabier Txurruka alkateak azaldu zuen "ardurak berriro banatu" behar izan dituztela EAJ udal taldearen barruan, eta Urdangarinek jasotzen zuen ordainsariaren zati bat dagoeneko dedikazio osora zeuden hiru zinegotzik jasoko dute.

Atzo egin zuten azaroko ohiko osoko bilkura udal talde guztiek. Bilkurako lehen puntua izan zen EAJ alderdiko Koldobika Uribarrik zinegotzi kargua hartzea; izan ere, joan den hilean uko egin zion bere karguari orain arte Gazteria zinegotzi izan den Jon Andoni Urdangarinek. Zinegotzi berria izango denak kargua beteko du, baina erabateko dedikaziorik edo dedikazio partzialik gabe. Urdangarinek %15eko dedikazioagatik jasotzen zuen 528 euroko ordainsariaren zati bat Jesus Arana, Irune Urbieta eta Leire Aranak jasoko dute, Xabier Txurruka alkateak azaldu zuenez, kargua uzte horren ondorioz arduren banaketa "berriro egituratu" behar izan dutelako. Aurrerantzean, Urbietak izango du Gazteria Sailaren ardura, eta udalbatzarrean ez zuten argitu Jesus Aranak eta Leire Aranak banaketa berrian zein ardura hartu behar izan duten. 

Txurrukak azpimarratu zuen egindako aldaketak EAJren soldata masa jaitsi egin duela eta Zarauzko Udalari "aurrezki bat" suposatuko diola. Alegia, EAJk udalean dituen ordezkarien ordainsari denen batura lehen baino baxuagoa da orain, Urdangarinek kobratzen zuen ordainsariaren zati bat ez dutelako berbideratuko. Hain zuzen, 125 euro igoko dira Jesus Aranaren eta Irune Urbietaren soldatak (4.024 kobratuko ditu Aranak aurrerantzean, eta 3.648 Urbietak) eta 94 euro Leire Aranarena  (3.147 kobratuko ditu aurrerantzean). Igoeraren aurretik ere erabateko dedikazioan ziharduten hirurek. Udal Gobernuko alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) proposamenaren alde bozkatu zuten, eta kontra, aldiz, EH Bildu eta Podemos Equo-Berdeak taldeek.

EH Bilduk zorrotz kritikatu zuen proposamena. "Ez dugu ulertzen nola egin litekeen hau 2020ko azaroan, krisi egoeran sartuta gaudenean, hainbat negoziok itxi egin behar izan dutenean, eta udal honek ekainean martxan jarri zuen dirulaguntzen zenbatekoak esleitu zaizkienei oraindik kontu korronteetara iritsi ez zaizkienean", esan zuen Ion Arozena koalizioko kideak. "Hasiera batean, sail bat kudeatzagatik jasotzen zen soldata bat-batean tarta bat bezala banatzen da hiru zatitan". Gaineratu zuen Zarauzko Udalean zinegotzi kargua duten denek soldata "oso duina" dutela, eta udalbatzarkideak gonbidatu zituen bozkatuko zutenaz hausnartzera, "pertsona moduan, alderdi izaera albo batera utzita". Oihane Delgado Podemos Equo-Berdeak taldeko ordezkariak proposamena lotsagarritzat jo zuen. "Ezin al zituen udalak aurreztu 528 euroak?", esan zuen.

Bozkatu aurretik, Txurrukak azpimarratu zuen EAJ dela soldata masa txikitu duen alderdi bakarra, eta gainontzeko udal taldeak "jaitsiera" bera egitera gonbidatu zituen.

 

Erlazionatuak